LAB sindikatuak lortu ditu ordezkari gehien Nafarroako administrazio publikoan 68 ordezkarirekin. Jarraian izan ditu ELAren 44 eledun eta CCOOen 40 ordezkari. Lan eta Osasun Publikoko Institutuan izan dira azken hauteskundeak eta hor ere LAB izan da garaile. Nafarroako Medikuen Sindikatuak eta AFAPNAk hiruna ordezkari lortu dituzte. Foruzaingoan ere izan da ordezkari sindikalak hautatzeko aukera: APF sindikatua gailendu da zortzi ordezkarirekin, ELAk sei lortu ditu eta CSIFek bost.
Hilaren 20an egin zituzten administrazio publikoko 16 arlotatik 14tan hauteskundeak. Beste biak, Nafarroako Lan eta Osasun Institutuari eta Foruzaingoari dagozkionak atzo egin zituzten. Lan eta Osasun Publikoko Institutuan 13 ordezkari hautatu behar zituzten. 260 kide zeuden deituak botaziora eta 182 lagunek eman zuten boza. LABek 42 boto eskuratu zituen eta hiru ordezkari lortu; Nafarroako Medikuen Sindikatuak 35 boto eta hiru eledun eskuratu zituen; AFAPNAk 34 boto eta hiru ordezkari; CCOO sindikatuak 32 boz eta bi ordezkari; SPA sindikatuak 18 boto eta ordezkari bat lortu zuenn eta ELA sindikatuak 12 boto eta ordezkari bat eskuratu zuen. Foruzaingoan berriz, 1.082 langile zeuden deituak hauteskundeetara eta %82,53 joan da boza ematera. APF sindikatuak lortu ditu 280 boto eta zortzi ordezkari; ELAk 213 boz eta sei ordezkari; CSIFek 181 boto eta bost ordezkari; CCOO 131 boto eta hiru ordezkari; UGTk 45 boto eta ordezkari bat eta AFAPNAk 26 botorekin ez du ordezkaririk lortu.