Nafarroako gizartea “hausteko” arriskuan dagoela ohartarazi du Caritasek. Gizarte garapenari eta bazterkeriari buruzko txostenak jaso ditu hainbat datu: 20.000 lagun daude pobrezia larrian, nafarren %3,1 eta 48.000 bazterketa larrian daude. Nafarroako herritarren egoera irudikatzen duen beste datu batzuk ere argigarri dira: 111.500 dira bazterketa prozesuak pairatzen dituztenak, biztanleen %17,3, eta 95.000 dira pobrezia arriskuan daudenak. 2007tik 2012ra hirukoiztu egin dira pobrezia larriko egoerak.
Txirotasunak Nafarroan duen joera "oso kezkagarria" dela ohartarazi dute: bost urtean hirukoiztu egin da pobrezia gordinean bizi diren herritarren kopurua. Estatu Espainiarrarekin alderatuta Nafarroan areagotu egin da pobrezian bizi direnen kopurua, izan ere, Espainian bost urtean bikoiztu egin da, Nafarroan aldiz, hirukoiztu. Foru Erkidegoaren pareko garapen ekonomikoa duten Europako beste lurraldeekin alderaketa eginda, Nafarroa da pobrezia larrian bizi diren herritar kopururik handiena, bere ezaugarri berdintsuak dituzten Europako beste erkidegoekin alderatuta. "Europako alderaketan Nafarroak oso irudi gogorra erakusten du", nabarmendu dute.
Angel Iriarte Iruñea-Tuterako Caristaseko zuzendariak, Guillermo Fernandez Caritaseko Ikerketa Taldeko kideak, eta Miguel Laparra eta Nerea Zugasti Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleek agertu dute txostena komunikabideen aurrean. Iriartek nabarmendu duenez, "txirotasunari aurre egiteko erdigunean pertsonak jarri behar dira, ez arazoak, eta birgizarteratzeko prozesu horretan lagundu egin behar zaie".