Uxue Barkos: "Desadostasunak Parlamentuan landu behar ditugu, ezin ditugu Gobernura eraman"

Euskalerria Irratia 2015ko eka. 8a, 13:42

Aldaketaren gobernuaren aldeko indarrek adostasunak zein desadostasunak nola kudeatu adostu behar dutela uste du Uxue Barkosek, itxura guztien arabera foru presidente berria izanen denak. BArkos jada ez da 33 parlamentariz mintzo baizik eta 26z: "PSNri eskua luzatzeak ezin du aldaketaren bidea gelditu". Podemosek eta IEk koalizio gobernua osatu nahi ote duten galdeturik, dio bi indarrok "gobernua osatzeko bide bat" marraztu dutela, eta hori poliki jorratu behar dela EH Bildurekin "gobernu indartsu eta iraunkorra" osatu ahal izateko.

“Uxue Barkos lehendakari” goiburua erabiltzeagatik, kanpaina pertsonalista egitea egotzi zizueten. Badirudi emaitza onak eman dituela.

Gure siglak oraindik ez du behar lukeen indarra, ez behintzat ordezkatzen duen proiektu politikoak, gure esparru politikoak daukan indar bera. Eta Uxue Barkosen izenak, aldiz, bai: indar handiagoa du eta ezagunagoa da. Adituek horrela ikusi zuten. Horren inguruan ez genuen kanpaina pertsonalista egin baizik eta lidergoaren kanpaina. Azken hiru urteotan ikusi dugu Yolanda Barcinarena bakardadean egindako politika izan dela, ezin izan duela inorekin akordiorik egin. Guk argi genuen aldaketa elkarrizketaren eta akordioaren bidez iritsiko zela, baina horrek ere lidergo bat behar zuen. Gure apustua hori izan zen. Eta gizarteak ere apustu hori egin du.

Bi aste joan dira M24tik. Perspektiba horrekin, zein balorazio egiten duzu?

Parlamentuko emaitzak oso garrantzitsuak izan dira, baina are gehiago Nafarroako udal mapakoak. UPNren politikak zigor zorrotza pairatu du gizartearen eskutik. Larunbatean ikusiko dugu UPNk hiri eta herri garrantzitsu askotan boterea galdu duela, modu demokratikoan. Nafarroako gizarteak argi esan du politika egiteko beste modu bat nahi duela. Eta horretan saiatu behar dugu.

"UPN oso gaizki kudeatzen ari da bere porrota. Politikoki, ez da batere argia izaten ari"

Zure irudikoz, nola kudeatzen ari da UPN porrot hori?

Politikoki, oso gaizki. Egia da lehen indarra dela oraindik erakunde askotan. Baina halaber egia da gehiengo horiek ez direla aski erakundeak aurrera ateratzeko. Jarraitzen du hitz egiten gehiengo osoa balu bezala. Eta gizarteak ez dio hori eman. Politikoki oso galduta ikusten dut.

Zein nolako oposizioa eginen dute eskuin politikoak eta mediatikoak?

Espainiako eskuin mediatikoak Estatuan arazo handiak dauzka beste zenbait lekutan. Aldaketaren aldeko nafarrok asko zor diogu Manuela Carmenari. Azkenean fokua hor jarri dute. Estatuko eskuin mediatikoa hona begiratzen ari da, baina presioa ez da izaten ari hain handia, lehen aste hauetan. Bestalde, UPNren erantzuna orain arte ez da politikoki oso argia izan, orokorrean. Ikusiko dugu zer egiten duten. Lau urte izanen ditugu lan egiteko eta gauzak baretzeko. Gai askotan, gehiengo handiak beharko ditugu, adibidez, autogobernuaren defentsan. Hor denok elkarrekin joan beharko dugu.

Balirudike Madrilgo hedabideen presio hori areagotu nahi duela UPNk. Aurrekoan Barcinak TVEn esan zuen egungo Nafarroak Hitlerren aurreko Alemania dakarkiola gogora. Eta gaur COPEn esan du Geroa Baik eta EH Bilduk Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoko laugarren diputazio bihurtu nahi dutela.

Ez da hori ez gure asmoa, ez aldarrikatu duguna, ezta errealitatea ere. Hori UPNren obsesioa da, ez gure helburua.  Mamuen garaia amaitu da, eta hobe lukete Yolanda Barcinak eta bere taldeak botere aldaketa prestatzen hastea, gauzak lasaitasunez eta ongi egin daitezen. Gauza asko utzi dituzte gaizki Diputazioan. Besteak beste, nafarron tresna finantzarioa desagerrarazi dute.

Konstituzionalistak versus abertzaleak ardatza ezarri nahi izan dute kanpainan, eta ez dute lortu.

Beldurraren diskurtsoa erabili dute hauteskunde kanpainan, eta horrek ez du oihartzunik izan beste alderdien artean, ezta herritarren artean maiatzaren 24an botoa ematerakoan ere. Oraingo honetan ez du lortuko mezu horren bitartez gure arteko desadostasunak areagotzea.

PSNk giltza galdu du. Zein garrantzi ematen diozu horri?

Oso garrantzitsua da. Azken 12 urteotan ikusi izan dugu PSNk, eta oro har PSOEk, nola erabili dituen giltza horiek. Eta zein erantzun eman dion bere jendeari, aldaketa gauza zezan PSNri botoa eman zioten herritarrei. Ez da behin gertatu: 2007an; lehendabizi; 2011n, gero; eta 2014an ere ikusi genuen nola kudeatu zuen zentsura mozioa. Eta gizarteak alderdi sozialistari giltza kentzea erabaki du. UPNk PSN baldintzatu izan du. Alderdi sozialistak hori gainditu dezake orain. Geroa Baik hori egiteko aukera eskainiko dio, betiere aldaketaren alde.

"PSNri eskaintza egiteak ez du aldaketaren bidea geldituko"

Pasadizo bat: M24an emaitzen segimendua PSNren egoitzan egin zuen lankideak kontatu dit han zenbaketa bi bloketan banatzen zutela: aldaketaren aldekoak eta kontrakoak, eta beren burua aldaketaren kontrako blokean sartzen zutela. Harritzen al zaitu?

Ez nau batere harritzen. Azken 12 urteotako istorio bera da. Aukera izan duenean, PSNk aldaketari uko egin dio. Baina aldi berean ez dugu aintzat hartu behar bakarrik nolakoa den PSNren zuzendaritza. Horretaz gain aintzat hartu behar dugu PSNk aldaketaren aldeko oso boto berezi eta garrantzitsua duela. Eta boto emaile horiek errespetu osoz begiratuta egiten diogu eskaintza PSNri. Baina horrek ez du aldaketaren bidea geldituko.

Hipotesi bat: negoziazioen hasieran, aldeek jarrera maximalistak hartzen dituzte gero erdibidean elkartu ahal izateko. Zuek horregatik ari zarete behin eta berriz PSN aipatzen, eta EH Bildu horregatik ari da behin eta berriz aipatzen lauko koalizioa. Eta, azkenean, erdibidean eginen duzue topo, PSNrik eta lauko koaliziorik gabe. Zer iruditzen?

Hipotesi hori hauteskundeak izan aurretik marraztu nuen. Baliteke hala izatea.

Zer moduz joan da aldaketaren gobernua eratzeko buruz-buruko bilera erronda?

Oso balorazio ona egiten dut. Nafarroako herritarrek egun dituzten behar garrantzitsuenei erantzuteko alorrean, adostasun esparru ederra dugu 26 parlamentari horiek biltzen ditugun indarrok. Gero, jakina, gauzak finago marraztu beharko ditugu, hemen helburua ez baita Gobernua lortzea, baizik eta aldaketaren gobernuaren datozen lau urteotako lana ongi finkatzea. Adostasunak izango dira, baita desadostasunak ere. Eta horretan erantzukizunez, zintzotasunez eta ausardiaz egin behar dugu lan. Aldaketaren gobernuaren helburuetako bat da datozen urteotan aldaketa lasai horrekin jarraitzea. Hor egin beharreko lana ez da batere erraza, baina ni baikor naiz.

Herritarren erreskatea lehenesten duzuela diozue. Aski diru topatuko al duzue Nafarroako Gobernuaren diru kutxan?

Bide horretan, beste alderdiei eskatu diegu gure programaren gainean zehatz dezatela non dauden haien marra gorriak, eta zeintzuk diren haien lehentasunak. Izan ere, une ekonomikoa dena da, eta ez dakigu zein egoera topatuko dugun Nafarroako Administrazioan, Foru Ogasunaren kutxan. Gobernu baten lana ez da bakarrik alor sozialean neurriak hartzea. Horretaz gain dirua lortzeko bideak bilatu behar ditu. Hor oso beharrezkoa da zerga erreforma. Bere garaian Geroa Baik bere proposamena egin zuen, eta Gobernuko teknikoek onartu zuten diru sarrera txikiak dituztenei oxigeno asko ematen ziela, eta oro har diru galera txikiagoa zekarrela UPNk, PPk eta PSNk onartutakoak baino. Hor abiapuntu garrantzitsu bat dugu. Bestalde, kanpainan aldarrikatu dugu enpresa txiki eta ertainek laguntza behar dutela, eta enplegua sortzeko hor badugu lan esparru handi bat.

Arestian presio mediatikoa aipatu dugu. Identitatearekin loturiko gaietan handia izanen da: bizikidetza, sinboloak, euskara... Zer egiteko asmoa duzue?

Bileretan ez da lehentasunen artean izan. Euskararen inguruan eta sinboloen inguruan badira neurriak ahalik eta lasterren hartu behar ditugunak, eta adosteko oso errazak direnak. Ez dute arazorik eraginen gizartean.

Abiadura Handiko Trenean ez zaudete ados.

Kanpainan ikusi dudana da arazoak ez direla hain sakonak, batzuek besterik badiote ere, eta askotan izen kontuak direla. Denon ustez UPNk aurrera eraman duen proiektua gaizki eramanda dago eta memento honetan UPNk sinatutako hitzarmena berraztertu behar da. Horretaz gain, gehienon iritziz, halako inbertsioak apaldu behar dira. Ez bakarrik hori: bat gatoz esaterakoan lehentasunak ez daudela Castejon eta Iruñea artean, baizik eta Iruñea eta Altsasu artean, hor hirugarren erraila sortzeari begira. Adolfo Araizen ahotik hori entzun nuenean, pentsatu nuen hor badugula tartea datozen lau urteotan gauzak adosteko eta lan egiteko. Azkenean arazo semantikoetan eta lelo elektoraletan daude arazorik handienak.

"Podemosek eta IEk gobernua osatzeko bide bat marraztu dute, goazen hori poliki jorratzera"

‘Desakordio programatikoa’ lantzen hasi al zarete?

Ez gara hortik hasi. Akordioen ildotik hasi gara. Baina horri ere heldu beharko diogu. Akordioaren alorrean adostasun sakonak daude. Baina datozen lau urteoi begira beharrezkoa da desadostasunak ere adostea. Parlamentuan izanen diren, eta izan behar diren, desberdintasunak ez dira gobernura eraman behar, gobernu sendoa nahi badugu.

Gobernuaren formularen lokarria ere askatu beharko duzue. Zer iruditzen koalizio gobernuarena?

Aztertuko dugun lehen formula hori izanen da. Gogoratu behar da Geroa Bai, Izquierda-Ezkerra eta EH Bildu koalizioak direla, eta Podemos alderdi bat bada ere, nolabaiteko herritarren koalizioa dela. Hor ausartak izan behar dugu. Eta borondate politikoa izan behar dugu ahal dugun gobernurik indartsuena sortzeko, Parlamentuaren kontrolpean. Geroa Baik kanpainan esan du Parlamentuan Gobernuaren kontrol saioak indartu behar ditugula. Koalizio gobernu hori ez bada posible, batzuen eta besteen arteko adostasunak ez direlako aski koalizio gobernua sortzeko, ikusi beharko dugu zein den formularik egokiena.

Lehen bileren balorazioak lerro artean irakurriz gero, argi samar ikusten da Podemosek eta Izquierda Ezkerrak ez dutela koalizio gobernuan sartu nahi.

Haiek esan dezatela hori.

Hala balitz, prest zeundekete EH Bildurekin koalizio gobernua osatzeko?

Esan bezala, goazen ahal dugun gobernurik indartsuena sortzera, eta aldi berean goazen Nafarroako gizartea hobekien ordezkatuko duen gobernua osatzera. Eta onartu behar dugu Nafarroako gizarteko gehiengoa ez dela abertzalea, eta horretan gai izan behar gara gauzak ongi asmatzeko.

Beraz, kontseilari independentez osaturiko gobernu baterantz goaz?

Ez bakarrik. Politikoak ere bai. Baina kontuan hartu behar dugu aukera hori, nola ez.

Formula izan daiteke gobernuan EH Bilduren inguruko kontseilari independenteak sartzea?

Hori formula bat da, bai. Baina beste asko daude. Lehena, koalizio gobernua. Baina zuk esan bezala, Podemosek eta Izquierda-Ezkerrak dagoeneko bide bat marraztu dute. Goazen bidea jorratzera poliki-poliki.

Aldaketaren aldeko 26 parlamentarietatik 9 dituzue. Formula hori aski egonkorra izanen al litzateke?

Horrela izan beharko luke. Hori lortzen saiatuko gara, ez formula horrekin, baizik eta edozein formularekin, akordio programatiko tinko batean oinarriturik.

Iruñean, indarkeriaren gaitzespena eskatu diozue EH Bilduko alkategai Joseba Asironi. Zergatik?

Alkategaiari, bai, ez EH Bilduri. EH Bilduri, ezta pentsatu ere. Nik azken lau urteotan une onartezinak bizi izan ditut Iruñeko Udalean. Adibidez, bortxaketak izan direnean, ez gara kapaz izan adierazpen bat aurrera ateratzeko, gaitzespena zela eta ez zela. Beraz, goazen aurrerapausoak egitera, arazoak gainditzera. Gogora dezagun une honetan EH Bilduk gaitzespenaren inguruan duen jarrera, errespetu osoz. Legeak eta herritarrek esan beharrekoa esan dute. Guk argi eta garbi dugu EH Bilduk zuzendu behar dituela elkarrizketak udalean. Orain bai, Joseba Asiron alkategaiak alkate izateko beste indarron botoak behar ditu, eta gure ustez alkateak berak egoera hori gainditu behar du. Hori da proposatu dioguna, eta orain ikusiko dugu Joseba Asiron bera noraino iristen den, ez EH Bildu, baizik eta guztion alkateak eta guztion bozkak behar dituen alkateak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!