Aldaketaren Gobernua gero eta gertuago ikusten dute Geroa Baik eta EH Bilduk

Euskalerria Irratia 2015ko eka. 2a, 13:36
EH Bilduren eta Geroa Bairen arteko bilera. Argazkia: Haritz Pascual

Oinarrizko lehentasunak bilduko dituen programa bateratua egiteko aukera asko daudela nabarmendu dute bai Geroa Baik zein EH Bilduk ere: "Konpromiso politikoa bada aldaketarekin".

Gaurko bilera ere "sintonia onean" joan da bi alderdien artean eta "oinarrizko lehentasunak bilduko dituen programa bateratua" egiteko aukera asko daudela nabarmendu dute bai Geroa Baik zein EH Bilduk ere. "Konpromiso politikoa bada aldaketarekin".

Uxue Barkosek hain zuzen, esan du posible dela gutxiengoen akordio bat adostea, aldaketarako gobernuak Nafarroa osoari eman behar diolako egonkortasuna. "Sakon, zentzuz eta modurik bateratzaileenean egitea dagokigu orain", esan du. Balorazio ona egin du gaur EH Bildurekin izandako bileraz, eta bien arteko "sintonia ona" nabarmendu du.

Adolfo Araizek bere aldetik Barkos aldaketaren Gobernuaren presidente ikusten duela nabarmendu du bileraren ostean. EH Bildu Gobernukide izanen lukeela ere uste du. Aldaketaren eta Gobernu berriaren oinarrietan bat datozela ere garrantzitsu jo du. Hori bai, aitortu du PSNrekiko ñabardurak daudela EH Bilduren eta Geroa Bairen artean. Araizek 26 kideren Gobernu berria ikusten du, "PSNk egin dezakeen ekarpenik onena kanpotik aldaketaren gobernua babestea litzateke". Barkosek 33 kidek osatutako Gobernu berria osatuko luke, hau da, PSN aldaketaren Gobernuaren parte.

Lehentasunak ongi zehaztea eta programan txertatzea da datozen egunetan aurretik duten egitekoa. Lehentasun horien artean: pobreziari aurre egitea, enplegua sortzeko neurriak hartzea eta zerbitzu publikoak indartzea. Oso garrantzitsuak diren beste gai batzuk aurrerago zehaztuko dituztela nabarmendu dute bi koalizioek, erabakitzeko eskubidea kasu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!