Hauteskundeak 2015

Adolfo Araiz: "Aldaketa lortzeko, denon konpromisoa behar da"

Euskalerria Irratia 2015ko mai. 22a, 14:09

EH Bilduren presidentegaiaren aburuz, aldaketa lortzeko aukera gertu dago, eta horren aurrean arduraz jokatu behar da, programak lehenetsiz, eta ez pertsonalismoak.

Adolfo Araizek denbora luzea eman du politikako lehen lerrotik at, Sakanako Mankomunitateko kudeatzaile lanetan. Bi arrazoik bultzatu ei dute itzultzera, aldaketaren aukera dela-eta bizi dugun “une historikoa”, eta EH Bilduk tresna politiko moduan duen indarra. Biotan bere ekarpena egiteko itzuli omen da.

Honatx Araizi Metropoli Forala saioan egin diogun elkarrizketako zenbait pasarte:

Javier Esparzak dio Nafarroa desegiteko akordioa lotua duzuela EH Bilduk, Izquierda Ezkerrak, Geroa Baik, eta Podemosek. Ba al da zuen arteko akordiorik?

Nafarroa desagertzeko akordiorik ez, eta bestelakorik ere ez. Guk aurreakordio bat nahiko genukeen arren. Dagoena da alderdi horiek aldaketa politiko eta sozialaren aldeko konpromiso publikoa hartu dugula, gure ñabardurekin. Esparzari beldurra ematen diona da galtzea momentu honetan dagoen estatusa, eta UPNk eta bere aldamenekoek gal dezaketena. Horregatik egiten ari dira izuaren kanpaina. Uste dut zorionez gizarteak ez diola kasurik egin.

Salatu duzunez, zenbait indar ez dira behar bezainbeste argi uzten ari zer eginen duten hauteskundeen ondotik. Zergatik?

Deia egin dugu dena argi eta garbi uzteko. Askotan gertatzen da botoa eman eta gero boto-emailea damutzen dela, ez zekielako ez dakit norekin lotu behar zutela akordioa. Boto emaileek eskubidea du jakiteko zein den bakoitzaren aukera. Guk argi esan dugu lauon arteko akordioa nahi dugula, hori dela gure apustua.

EH Bildu, Izquierda Ezskerra, Geroa Bai eta Podemosen arteko koalizio gobernuaz mintzo zarete. Koalizioa al da bide bakarra?

Ahal bada bai. Koalizioarena izan beharko litzateke formula. Denon konpromisoa lotzeko biderik onena da, ez norbait kanpoan geratzea eta ikustea zertan lagunduko duen gobernua eta zertan ez. Lauron artean sentsibilitate ezberdinak daude, eta denon artean ederki islatzen dugu egun gizartean dagoen aldaketarako grina.

Barkosek dio gutxiengoan oinarrituriko formula ere aintzat hartu beharko litzatekeela.

Hori anbizio gutxi edukitzea da. Denok busti beharko genuke gobernu horretan. Ez da hain erraza izango. Bakoitzak bere programa du, eta ez da erraza guztiak adostea. Gure esku dagoen guztia egingo dugu hori lortzeko. Eta arduraz jokatuko dugu.

Geroa Baik eta Izquierda Ezkerrak PSN sartzen dute aldaketaren balizko eragileen artean. Zer iruditzen zaizu hori?

Guk argi dugu ez dela fidatzekoa. Duela hilabete gutxi, baita lehen ere, gertatu dena badakigu. Aldaketarako atea zabaldu den bakoitzean itxi egin du. PSNrekin ez dugu akordiorik izango. Uste dugu aukera badu UPNrekin gehiengo osoa lortzen badu, haren atzetik ibiliko dela.

PSNrekin ez zara fio. Eta Podemos-Ahal-Dugurekin?

Orain arte esan dutenekin fiatu beharko dugu. Badago beldurra. Badago susmoa Madrilen erabakia hartu nahi izanen dutela. Baina nik hemengo arduradunei entzun diet hemen erabakiko dela. Eta horrekin geratzen naiz.

Pablo Iglesiasek dio akordioa lotu ahal izateko,  indarkeria gaitzetsi behar duzuela.

Pablo Iglesiasek gauza asko esaten ditu. Eta gero zenbaitetan atzera egiten du. Hemengo jendearekin hitz egin dugu. Badakite gure jarrera zein den indarkeriarekiko eta biktimekiko. Espero dut hitz magiko horrek ez zapuztea aldaketa nahia.

Eskuin politiko eta mediatikoak behin eta berriz lotu zaitu indarkeriarekin kanpaina honetan. Nola daramazu?

Bagenekien izan zitekeela halako zama pertsonala, baina gainditzen ari da eta gizarteak badaki zein den gure jarrera gai horretan. Kalean jendeak ez dit galdetzen gaitzespenaz, baizik eta egungo kezkei buruz, gai sozialei buruz. Hori gaindituta dago, eta are gehiago gaindituko dugu 24tik aurrera. Hori oso esparru zehatzetan aipatu dute.

Gobernu alternatiboa osatzeko lidergoaren lokarria ere askatu behar da. Uxue Barkosi oso kanpaina pertsonalista egitea egotzi diozue.

Kritika politikoa da hori. Hori da ikusten ari garena. Bidezkoa da kanpaina horrela egitea, baina gero ez bada presidentea, arriskutsua izan daiteke, jakinik aldaketa anitza izanen dela. Alderdi politiko batek aukera balu bakarrik gobernua osatzeko uler liteke. Baina ez da hori egoera. Egoera dena izanda, zentralitatea programari, ideiei eman beharko litzaieke. Guk hala egin dugu. Baina ez du horrenbesteko garrantzirik.

Kanpainaren hasieran, Geroa Baitik antzeko zerbait egotzi zizuten: Esparzarekin buruz-buruko telebista eztabaida eginez, lidergo hori eskuratu nahi izatea. Zer erantzunen zenuke?

Gure asmoa ez zen hori. Kasualitate huts bat izan zen. Esparzari erronka bota genion, onartua izateko itxaropenik gabe. Onartu zutenean, jakina, aurrera egin genuen. Esparzaren aurrean adierazi nahi genuen EH Bldurekin normaltasun guztiarekin hitz egin daitekeela. Aurrerantzean ere horrelakoak egin beharko dituztela, ulertu eta onartu beharko dutela ez daudela bakarrik Nafarroa foral eta espainiarra onartzen dutenak.

Perspektibarekin, nola baloratzen duzu.

Badakit tirabirak eduki zituztela onartuko ote zuten erabakitzeko. Agian horren ondorioz hasi zuen eztabaida kanoikadaka. Ez nuen halakorik espero. Irakasle batek halako ikuskizuna eskaintzea ez zait batere ongi iruditzen.

Aldaketaren aldeko indarren artean bozkatuena bazarete, ezinbestean zuk izan behar duzu presidente?

Logikoena da lau indar horien artean boto gehien eskuratzen duenak izatea presidentetza. Guk hori onartuko genuke. Eta hori eskatu diegu beste indarrei. Besteek ez dute halakorik esan, onartu. Inportanteena programa adostea izanen da, egiazko erronka. Eta hortik aurrera normalena litzateke bozkatuenarentzat izatea presidentetza. Baina aldaketaren aldeko gobernu bat behar dugu, ez alderdien artean banatutako gobernu zatitu bat. Hori da gure eredua.

Izquierda Ezkerrako Koldo Plak hementxe esan zuen EH Bilduk aurkari gehiegi dituela nafar gizartean presidentetza edukitzeko.

Ez nago batere ados. Lauon artean gehiengoa lortzen badugu gizarteak ematen digulako da. Eta gizarteak halako mandatua ematen badigu, gizartea prest izanen da EH Bilduko presidente bat izateko.

Garrantzitsuena edukiak, programa direla. Zeintzuk dira EH Bildurentzat gutxienekoak?

Ez zaizkigu marra gorriak gustatzen. Gu lau indar politikoen programak aztertzen ari gara, eta ikusi dugu hainbat gauzatan ez dela arazorik egongo ados jartzeko. Orokorrean ez gaude hain urrun. Lehentasuna zeri ematen diogun, hor izan daitezke desberdintasunak.

Best elkarrizketa batean esan zenuen Geroa Bairekin zerga politikan arazoak eduki ditzakezuela, eta aukera bat dela EH Bilduk, Podemosek eta IEk gobernua osatzea, eta Geroa Baik kanpotik laguntzea.

Izan daiteke beste formula bat, baina nahiago nuke laurok barruan egotea. Baina Geroa Bairi gehiegi irudituko balitzaio beste hiruon artean onarturiko politika soziala, aldaketaren aldeko ardura ariketa egin beharko luke, eta gobernua kanpotik sostengatu gai askotan.

Beste batzuek horren antzeko gobernua proposatzen dute, baina Geroa Bai barruan eta zuek kanpoan egonda. Zer deritzozu horri?

Berriz diot, programan ados jartzen bagara, ez da inor kanpoan geratu behar. Aldaketaren aldeko ardura oso argi dugu, eta horregatik guk adostasunak erraz lor ditzakegu besteekin. Programan ados egonda, ez genuke ulertuko gu kanpoan utzi nahi izatea. Iraganeko bazterketa politiketara itzultzea izanen litzateke, eta hori onartezina litzateke.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!