Euskaltegiek 963 egun daramatzate diru laguntzarik jaso gabe

Euskalerria Irratia 2015ko mai. 21a, 13:15

IKA eta AEK euskaltegiek 2012ko urriaz geroztik ez dute euro bakar bat ere jaso Nafarroako Gobernuko aurrekontuetatik. Zor dietena orain diezaietela eskatu dute gaur elkarretaratze batean.

963 egun diru laguntza jaso gabe. IKA eta AEK euskaltegiek 2012ko urriaz geroztik ez dute euro bakar bat ere jaso Nafarroako Gobernuko aurrekontuetatik. Diru-partida izan bazen helduen euskalduntzerako, baina, dirurik ez dagoela argudiatuta babes ekonomikorik gabe ari dira aurrera egiten. Gobernuak bere legealdia amaitu aurretik, euskaltegiei zor zaien dirua emateko eskatu dute. Etorkizunean, Gobernuan sartuko dena sartuta ere, helduen euskalduntzerako plangintza sortzea ezinbesteko jo dute.

Irakasleen lana goraipatu dute IKAk eta AEKk. Euren esfortzuak lortu baitu urteotan aurrera egin ahal izana. Herritarren babesa eta ikasleen jarrera ere nabarmendu dituzte; ahalegin handia egin dute. Euskararekiko hartu duen jarrera hori UPNren Gobernuak ez da bakarrik helduen euskalduntzean izan.

Euskararen normalizaziorako urratsak egiteko irauli egin behar da hizkuntza politika. Euskarari dagokion tokia emateko, babes ematea eta sustatzea ezinbestekoa da. Euskaltegiek zor dietena emateko eskatu dute eta aurrera begira jarrera eta ekintzak aldatzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!