Izquierda-Ezkerraren foru parlamenturako hautagaitzako bosgarrena da Koldo Pla, zerrendako lehen euskalduna. Antsoaingo zinegotzia izan da azken legealdietan, eta memoria historikoaren aldeko mugimenduko militantea. Plak zail dakusa aldaketa, eta gauza dadin ezinbestekotzat jotzen du PSNk eta EH Bilduk elkar ulertzea eta onartzea.
Honatx Metropoli Forala saioan egin diogun bideo-elkarrizketako zenbait pasarte:
Aldaketarik izanen al da?
Aldaketa oso zaila ikusten dut, hainbat arrazoirengatik: inkestek ez dute argi uzten emaitzak zeintzuk izanen diren eta aski izanen diren; batzuek eta besteek marra gorriak aipatzen dituzte eta marra gorri horiekin ez zaizkit kontuak ateratzen; eta lidergoa ere ez dut batere argi.
Marra gorriak aipatzen dituzunean, PSNz eta EH Bilduz ari zara. Aldaketarako PSN beharrezkoa dela uste duzu?
Aldaketa ezkerretik egin nahi badugu hor dauden guztiekin hitz egin behar dugu, baita deabruarekin ere. Kanpaina hasieratik, PSNk marra gorria jarri dio EH Bilduri, eta EH Bilduk gauza bera egin du PSNrekin. Ez badute hitz egiten, nik oso zaila ikusten dut gobernu alternatibo bat egin ahal izatea. PSNren iragana aipatzen dute, baina atzera begiratzen hastea eta motxilei erreparatzea oso arriskutsua izan daiteke batentzat baino gehiagorentzat.
Balizko gobernu alternatibo horretako lidergoa ez duzula argi ikusten esan duzu. Zergatik?
Gobernatu behar duzu bozkatu zaituztenentzat eta bozkatu ez zaituztenentzat. Eta ezin duzu gobernatu nafarren %80 kontra edukita. Bestalde, pertsona batzuk oso berde daude.
Esaten ari zara Araizek eta Perezek ezin dutela presidente izan?
Oso zaila ikusten dut EH Bilduk gobernu alternatiboko lidergoa eduki ahal izatea. Baina ez naiz esaten ari Laura Perez ezin denik presidente izan. Denek ikas dezakegu.
Geroa Baik dio Uxue Barkosek izan behar duela presidente.
Hautagai ona da, baina ez da aukera bakarra, ez da ezinbestean izan behar. Nuin ere izan liteke, baldintza jakin batzuetan. Legealdi honetan gure taldeak egin duen lana oso adierazgarria da. Hiru parlamentari besterik ez dugu, baina oso lege garrantzitsuak atera ditugu aurrera: euskararen legea, beste biktimena, etxe kaleratzeena. Hori egin ahal izan dugu hain zuzen ere batzuekin eta besteekin hitz egiteko eta akordioak lotzeko gauza garelako. Akordioa programa baten gainean lotu beharko litzateke.
Zeintzuk izanen litzateke aldaketaren gutxienekoak?
Lehenik eta behin plan sozial bat egin behar da, larrialdi egoera honi aurre egiteko. Horretaz gain, aldaketak integratzailea izan behar du. Lehendabizikoz identitate guztiak eroso sentiaraziko dituen Nafarroako Gobernu bat osatu behar dugu. Ez da mementoa lurralde eredu ukitzeko, baina elkarbizitza zaildu duten oztopoak kendu behar dira: sinboloen legea aldatu, euskararen legeko aldaketa egin berria indarrean jarri… Bestalde, berrikuntza demokratikoa egin behar da. Herritarrei erabaki garrantzitsuetan zuzenean parte hartzeko aukera eman behar zaie. Erreferendumak egin behar dira.