Funesko lan istripua salatzeko elkarretaratzea egin dute

Euskalerria Irratia 2015ko mai. 12a, 10:30
Eroritako garabia (Argazkia: @dabitxopiston)

Valentziako bi behargin hil ziren atzo, garabi bat 50 metrotik erorita. Aurten dagoeneko bost lagun zendu dira Nafarroan lan ezbeharretan.

Hildakoak bi valentziar dira. 57 urtekoa, bata; 37koa, bestea. Virto enpresaren industria-nabe berria eraikitzen ari ziren, Develood azpikontrataturiko  eraikuntza enpresarekin. 11:00ak aldera, garabi baten gainean ari ziren lanean, 50 metroko alturan, eta halako batean garabia erori zen, oraindik argitzeko dauden arrazoiak direla kausa. Anbulantzia bertaratu zenerako, biak hilda ziren.

ELA, LAB, STEILAS, EHNE eta Hiru sindikatuek elkarretaratzea egin dute gaur 12:30ean, Nafarroako Gobernuaren Lan Departamentuaren egoitzaren aitzinean, Tomas Caballero plazan.

ELAk doluminak adierazi dizkie hildakoen senide eta lagunei. Prentsa ohar baten bidez salatu duenez, “Nafarroan lan munduan egin diren politikek behin-behinekotasuna areagotu dute eta lan istripuen arazo latza handitu”.

LABek “doluminak eta elkartasuna” adierazi dizkie “senideei, lagunei eta langileriari oro har”. “Lotura zuzena dago azpikontratazioaren, behin-behinekotasunaren eta istripu honen artean. Horiexek izan dira istripu latzaren eragileak”, salatu du sindikatu abertzaleak. Halaber, gogor kritikatu du UPN, PSN eta PPNren jarrera; izan ere, “iritzi publikoaren aitzinean ongi geratze aldera kanpaina bertan behera utzi dute, baina ez dute deus egiten arazo honekin amaitzeko”.

CCOO sindikatuak iragarri du salaketa aurkeztuko duela istripu honen kontura, “behar bezala iker dadin gertaturikoa, eta ardurak argi ditzaten”. UGTk ere ikerketa xehea egin dadila exijitu du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!