Mobilizazioak iragarri dituzte gazte auzipetuek egoera salatu eta atxilotuei babesa emateko

Euskalerria Irratia 2015eko maiatzaren 8a

Donibane auzoan bihar 12:00etan izanen da elkarretaratzea. Manifestazio Nazionala maiatzaren 17an izanen da, Gasteizen.

Mobilizazioak deitu dituzte atxiloketak salatu eta sortu den egoera onartezina dela aldarrikatzeko. Iruñean, Gasteizen eta Bilbon eginen dituzte elkarretaratze eta protestak. Bihar Donibane auzoan 12:00etan elkartuko dira; Gasteizen eta Bilbon gaur arratsaldean.

28 auzipetuetatik zazpi atxilotzeko agindua eman zuen epaileak asteartean, sententziarekin batera. Zazpi horietatik lau espetxean daude eta beste hiru oraindik ez dituzte atxilo eraman. Auzipetuek uste dute ez dela halako sententzietarako unea. Are gehiago kontuan hartuta "torturapean oinarritutako testigantzak" baliatu dituztela.

Egoera horren aurrean erantzuleak badaudela uste dute Herri Harresiko kideek. "Hiru gazteen bila dabil polizia, baina, iskin egitea lortu dute", nabarmendu du Imanol Salisnas Burlatako bizilaguna eta absolbitutako auzipetuetako kideak. "Desobedientziaren bidea erabiltzeko prest gaude Herri Harresiko kideak batez ere hiru lagun horiek babesteko", diote.

Babesa eman diezaietela eskatu dute

Egun nahasiak izan direla diote. Egoera larria bizi dutela, bila ari direnengatik eta espetxera eraman dituztenengatik. Herritarren babesa iritsi zaiela nabarmendu dute. Epaiketak gelditzeko beharra dela herritarren artean ere: "Gakoa gizartearen bultzada, babesa eta konpromisoa da". Alderdi politikoek jarrera ezberdinak izan dituzte sententzia honen aurrean: Batzuk atxiloketak salatu dituzte baina beste batzuk atxiloketa horien konplize izan direla salatu dute. Eurei ere deia: "Lerrotu daitezen nahi dugu eta eskubide zibil eta politikoen alde badaude, egin dezatela auziaren aurka eta atxilotuen alde".

Bihar Donibane auzoan eginen dute protesta 12:00etan. Heldu den astelehenean eta asteartean 10etatik 12etara elkarretaratzea eginen dute Gobernu ordezkaritzaren aurrean, Iruñean. Nafarroako alderdi popularraren egoitzaren aurrean elkartuko dira asteartean 20:00etan. Deialdi berezi bat ere bai: gizarteari oro har, baina baita eragile sozial, politiko eta sindikalei ere, eskubide zibil eta politikoen alde lerrotzeko. Mobilizazio horien artean jendetsuena izatea espero dute, maiatzaren17an igandearekin eginen dutena 12:00etan Gasteizko Bilbo plazan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!