Gironak hiru eta huts hartu zuen mendean Osasuna, larunbatean. Partiduaren kronika egin digu Aritz Agirre kazetariak. Astea zazpi txiotan laburtu digu Iker tubia tuiterlariak. Nafarroan gauzak gaizki doazela uste baduzu, irakur ezazu Diario de Navarra eta ikusiko duzu dena primeran doala: joan den astean, egunero albiste positibo batek hartu du Diario de Navarraren azala: “nafar gehienek uste dute Espainian baino hobeki gaudena”(astartean); “UGTk eta CCOOk bultzaturiko gutieneko errenta onuragarria izan daiteke 14 mila nafarrendako” (ostegunean); "Iruñea berdea indartzen ari da" (ostilarean); "frankizien arrakasta Nafarroan" (larunbatean); "VW ikertzen ari da nola berritu langileen %25" (igandean). Salbuespen bakarra, asteazkena da, Nepalgo lurrikarak hartu baitzuen lerro-buru nagusia. Kordobillako egunkariaren azalak aztertu ditu Santi Leone historialariak. Pantxo Etxebere amaiurtarra da. Ofizioz artzain eta gaztagilea. Ardiak utzi eta gitarra hartzen duenean Pottoka da. Rock eta folk doinuak nahasten dituen kantautorea da. Abesti berriak egin ditu. Zuzenean eta modu akustikoan estreinatu ditu Irrintzi Dorrean.