Azken hamabost urteotako lan istripuen bilakaera aztertu du UGT sindikatuak. 2000. urtean lan istripuen ondorioz langileek hartzen zituzten gaixoaldi-bajen joera jaitsierakoa izan zen 2012. urtera arte. 2013an baina, aldaketa eman zen eta hazi egin ziren gaixoaldi-bajak; 2014an are gehiago.
Eraikuntzan eta industrian hazi da gehien ezbehar-kopurua baina baita Zerbitzu eta Nekazaritzan.
UGT sindikatua bereziki kezkatua agertu da ikerketaren emaitzen datu batekin: iaz, hamabi hildako izan ziren lan istripuetan, 2013an baino bi gehiago. Hamabi horien artean bost industria sektorean izan ziren, lau eraikuntzan, bi zerbitzuetan eta bat nekazaritza alorrean.
Gaixotasun-profesionalei dagokienez Nafarroan 1.382 kasuren berri eman zen, horietatik 660 langilek baja eskatu zuten.
Iaz UGT sindikatuak prebentzio lana egiten duten 2.857 ordezkariri eman zien aholku eta 459 enpresatan izan da prebentzio neurriak eta planak egoki dituztela ikuskatzen. Azken lau urteotan prebentzio lana egin du sindikatu horrek 12.061 langilerekin eta 1.973 enpresatan. Antzeman duena da, prebentzioan gutxitu egin dela inbertsioa.