Foru Administrazioko hauteskundeetan posta bidezko botoarekin iruzur egiten ari direla salatu dute

Euskalerria Irratia 2015ko api. 28a, 11:29

ELAk eta LABek diote posta bidezko botoa eskatzeko sinadura faltsuak erabili dituztela. Afapnak erantzun du bi sindikatuok bozkatzeko eskubiderik gabe utzi nahi dituztela hainbat langile publiko.

ELA eta LAB sindikatuek salatu dutenez, foru Administrazioko hauteskunde sindikaletan, posta bidezko botoetan iruzur egiten ari direla. LABen arabera, posta bidezko botoaren eskaeretan ageri diren sinadura asko ez dute batere antzik Nortasun Agiri Nazionaletako originalekin.

ELAk dioenez, arazoa da edonork eska dezakeela beste pertsona baten posta bidezko botoa, nortasun agiriaren fotokopia eta sinadura aurkeztuz. “Iruzurra egiten ari dira, beste helburu batzuekin egindako nortasun agiriaren fotokopiak eta sinadurak erabiliz, esate baterako, ikastaroetan jasotakoekin”, salatu du ELAk.

“Hainbat hauteskunde mahaitan dagoeneko Errioxan eta Aragoin zigilaturiko ehunka boto jaso dituzte”, salatu du ELAK agiri batean. “Eskaerak Nafarroatik urrun eginez kontrol neurri guztiak ekidin nahi dituzte”, gaineratu du. ELAren idurikoz, “Nafarroako Gobernuak eta erregimeneko sindikatuek halakoak onartzen dituzte, haien interesen aldeko iruzurra egin ahal izateko”.

LAB zein ELA sindikatuen irudikoz, iruzurrik egin ez dadin posta bidezko botoa boto-emaileak berak eskatu beharko luke, eta ez beste inork. Eta beste pertsona batek eskaturiko boto guztiak baliorik gabe utzi beharko lituzkete. ELAk arbitraje ofiziala eskatu du, afera argitu dadin.

Afapna sindikatuak erantzun du ez dela inolako iruzurrik egin, eta ELAk eta LABk bozkatzeko eskubiderik gabe eta ahotsik gabe utzi nahi dituztela foru Administrazioko hainbat langile. “Sinadura guztiak aurkezteko prest gaude, analisi grafologikoa egin dadin. Guk ez dugu inolako iruzurrik egin”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!