Txentxo Jimenezek eta beste zazpi mendizale berriozartarrek Everesteko oinarrizko kanpalekura bisita egin zuten duela aste bete. Nolanahi ere, lurrikara gertatu zenean, herri bateko plaza batean zeuden, elur jauzi eta bestelako arriskuetatik at, Jimenezek berak Facebookeko bere kontuan kontatu duenez. Orain, hotel batean daude, itzultzeko aukeraren zain, Berriozarko alkate Xabi Lasak baieztatu duenez.
"Leurrikara ikaragarriak bete-betean harrapatu gaitu. Milaka eta milaka zauritu, jendea lur jota, herrrialdea gelditurik. Halako ezbeharrek beti txiroenak jotzen dituzte. Mundu bidegabe honek burua altxatzeko beharrik handiena dutenak zigortzen ditu gehien". Hala kontatu du gertaturikoa JImenezek berak, Facebooken.
3.200 lagun hil dira Nepalen izandako lurrikaran; 6.000 herritar zaurituak daude. Richter eskalan 7,8 graduko indarra izan zuen astinduak, eta Katmandu bailaran izan zuen epizentroa.