Azoka solidarioa eginen du REASek asteburuan autobus geltoki zaharrean

Euskalerria Irratia 2015ko api. 15a, 12:47

Ekonomia Solidarioaren III. Azoka eta Nazioarteko Ekonomia Solidarioaren VII. Jardunaldiak antolatu ditu REASek, Ekonomia alternatibo eta elkartasunezkoaren sareak.

Beste modu batean ekoiztu eta beste modu batean kontsumitu daitekeela ikusarazi nahi dute III. Azoka Solidario horretan REASek. “Ingurumenarekiko, langileekiko eta bezeroekiko errespetuz aritzen den ekonomia modua da”, hala nabarmendu du Amaia Olaverriak, Emausko Trapuketariak taldeko kideak. “Produktu eta zerbitzuez goza daiteke gaur egun, beste eredu ekonomiko eta sozialean parte hartuta”.

Iruñeko autobus geltoki zaharrean izanen da azoka asteburuan. Ostiralean arratsaldeko bostak eta erdietan inauguratuko dute. 65 postu izanen dira eta egunero erakunde eta entitateek euren jardunaren berri emanen dute hitzaldi laburren bitartez.  

Ekonomia Solidarioan ari diren 45 entitate eta enpresa daude Nafarroan; 350 langile aritzen dira; 20 milioi euro trukatu zituzten iaz eta 200.000 lagun izan dira onuradun Nafarroan.

VIII. Nazioarteko Ekonomia Solidarioaren Jardunaldiak

Azokaz gainera, zortzigarren aldiz jardunaldiak antolatu dituzte. Ekonomia lokala, ekonomia globala leloa izanen dute. Guztira sei mahai inguru izanen dira. Fiare banku etikoaz, nazioarteko merkataritzaren arauez, gaur egungo kontsumoaz ariko dira besteak beste. Alderdi politikoetako ordezkariak ere gonbidatu dituzte euren iritzia eman dezaten ekonomia solidarioaren inguruan.

Ekonomia Solidarioaren bitartez produktu eta zerbitzu andana eskuratu daitekeela nabarmendu dute. Eredu aldaketaren bidean, egunero egiten diren ekintzak garrantzia dutela diote.

3.500 lagun izan ziren iazko azokan. Aurten arrakastatsuagoa izatea espero dute. Ostiralean arratsaldez izanen da zabalik, larunbatean egun osoan eta igandean goizean. Iruñeko autobus geltoki zaharrean izanen dira bai azoka eta baita jardunaldiak ere. Informazio gehiago: jornadas.economiasolidaria.org webgunean.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!