Hezkuntza Departamentuak 2015-2016 ikasturterako aurrez izena emateko epea zabaldu du Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (DBH), Batxilergoan, Lanbide Heziketan (LH) eta Arte Plastiko eta Diseinuan. Eskaerak apirilaren 17ko, ostirala, 14:00ak baino lehen aurkeztu beharko dira maila horiek ematen diren ikastetxeetan.
DBH eta Batxilergoaren kasuan, eskaera egin ahalko dute bakarrik, alde batetik, beren ikastetxeari esleitutakoa ez den beste zentro batean ikasi nahi duten sare publikoko ikasleek, eta bestetik, matrikulatuta dauden zentroan beren ikasketekin jarraitzeko aukerarik ez duten itunpeko sareko ikasleek. LH eta Arte Plastiko eta Diseinuaren kasuan, ikasle guztiek, derrigorrezkoen ondoko ikasketak baitira.
Aurrez izena ematea gauzatzeko eskaera bakarra bete behar da, eta bertan hiru aukera jarriko dira, guztira. Agiria lehen aukera modura hautatutako ikastetxeko instalazioetan aurkeztu beharko da.
Ekainetik aurrera bigarren pausua
Plazak esleitu ondoren, Hezkuntzak matrikula-aldia zabalduko du, ekainaren 29tik uztailaren 13ra DBH eta Batxilergorako, eta uztailaren 16tik 23ra LH eta Arte Plastiko eta Diseinurako.
Abuztuaren amaieran eta irailaren hasieran izena emateko aparteko epea izanen da ohiko epea amaitu ondoren helbidez aldatutako DBH nahiz Batxilergoko ikasleentzat, bai eta sartzeko baldintzak betetzen ez edo ohiko aldian plaza lortzen ez duten LH eta Arte Plastiko eta Diseinuko ikasleentzat.
Gogora ekarri behar da Nafarroan 44 ikastetxetan ematen dela DBH (27 publikoak eta 17 itunpekoak), eta 48tan DBH eta Batxilergoa (29 publikoak eta 19 itunpekoak). Gainera, LHko 30 zentro daude, eta haietatik 22 publikoak, 6 itunpekoak eta 2 itunik gabekoak dira.