Urtero legez, Errepublikaren Egunaren ingurumarian 1936an faxistek fusilatutako lagunak omendu ditu Nafarroako Fusilatutako Senitartekoen Elkarteak. Nafarroan hildako 3.452 pertsonak izan dituzte gogoan eta bereziki 298 iruindarrak.
Lore-eskaintza larunbat eguerdian izan zen Gaztelugibelean. Irati Goikoetxeak aurkeztu zuen ekitaldia eta, besteak beste, Berriozarko Elkarrekin abesbatzak, Maite Mené kantariak eta Mutiloako Otro Mundo antzerki taldeak parte hartu zuten.
Ekitaldian Aurea Jasok hitz egin zuen, 1936an aita eta bi osaba hil zizkioten Melidako alaba. Aitaren hezurrak Valle de los Caídos-era eraman zituzten eta ezin izan ditu inoiz berreskuratu:. Nabarmendu zuenez, bizitza osoa izan da DNA egin eta bere aita Bardeetara eramateko zain.
Elkarteko kideek azaldu dute Nafarroako Memoria Historikoaren legearen artikulu asko oraindik garatu gabe daudela eta beharrezkoa dela hori egitea. Legea 2013an onartu zen, baina oposizioko taldeek eta eragile sozialek askotan salatu dute UPNren gobernua ezer gutxi egiten ari dela.
Nafarroako Parlamentuak Yolanda Barcinaren exekutiboari eskatu dio ez dezala beste alde batera begiratu, eta frankismoko sinboloak ezabatzeko neurriak har ditzala behingoz.
Senitartekoen elkartearen esanetan, 79 urte igaro diren arren, Nafarroak zorra dauka oraindik fusilatutako pertsona horiekin, 1.000 inguruk desagertuta segitzen baitute zelai eta bide-bazterretan lurperatuta. Horiek aurkitu arte senideek ezin izanen dutela euren dolua amaitu diote.