Lorenzo Riezu, CANeko zuzendari ohiak lekuko gisa deklaratu du Madrilgo Auzitegi Nazionalean Nafarroako Kutxaren hedapenaren eta burtsaratzearen auzian. Eloy Velasco epailearen aurrean berretsi duenez, "CANen zabalkuntza gehiegizkoa izan zen". Aurretik ere, modu berean mintzatu zen Lorenzo Riezu, Nafarroako Kutxaren galerei buruz Yolanda Barcinari igorritako txostenean. Nafarroako presidentea CANen gainbeheraz ohartarazi zuela esan du.
Bere esanetan, "2002 eta 2010 urteen arteko hazkundea neurriz gainekoa izan zen entitatean eta hori izan da CANen desagerpenaren arrazoi nagusia". Auzitegian, Nafarroako Kutxan egin ziren jokaera txarrak eta kudeaketa desegokia salatu ditu. Aurretiko erretiroen plangintzaren ondorioz ere, Nafarroako Kutxak kaudimena galdu zuela azpimarratu du zuzendari ohiak. "Diru sarreren eta irteeren arteko desoreka agerikoa zen baina agintariek ez zuten neurririk hartu egoera horri aurre egiteko, ez ikusiarena egin zuten". Hala esan du Riezuk Velasco epailearen galderei erantzunez. Kontuz Elkarteak eginiko eskaeraren ondorioz izan da gaur Auzitegian Riezu jauna.