Xabier Martinez: "Hizkuntza politikaren aurka ez ezik murrizketen kontra ere egin nahi izan nuen protesta"

'Euskaraz bizi nahi dut' goiburudun kamiseta jantzi zuen Martinez Resano ikasleak Barcina presidentearen eta Iribas kontseilariaren alboan, Lanbide Hezkuntzako curriculumik onenen sari banaketan.

Irudiak Velazquezen koadroa zirudien. Dena ederki kalkulaturik zegoela ematen zuen. Yolanda Barcina foru presidentea alde batean, Jose Iribas Hezkuntza kontseilaria bestean, eta erdian, bion buruen artean, altuera, distantzia, kokapen perfektuan, Xabi Martinez Resano 'Euskaraz bizi nahi dut' goiburudun kamisetarekin. Joan den asteko astelehenean gertatu zen, martxoaren 23arekin, Lanbide Hezkuntzako curriculumik onenen sari banaketan. Irudia gure webgunera zein sare sozialetara igo genuen, eta oihartzun handia izan zuen. Orain, Martinez Resano lokalizatzea eta elkarrizketatzea lortu dugu.

Lan eta ikasi, biak batera egin ditu 35 urteko txantrearrak. Duela hamar urtetik sikogeriatrikoan mantentze lanak egiten ditu. Eta azken bi urteotan halaber energia berriztagarrien inguruko ikasketak egin ditu. Ez da erraza izan. Bi aste ematen zituen goizez ikasten eta arratsaldez lan egiten. Hirugarrenean, goizez lan egitea tokatzen zitzaion, eta halakoetan ezin izaten zuen klasera joan. Halere, emaitza itzelak lortu ditu: 9,33ko batez bestekoa. Horregatik eman diote saria.

"Oso argi nuen protesta egin nahi nuela"

Nafarroako agintariengandik saria jasoko zuela jakin zuenetik, argi izan zuen aukera protesta egiteko baliatuko zuela. "Facebooken lagunei zer egin galdetu nien. Azkenean, 'Euskaraz bizi nahi dut' kamiseta janztea erabaki nuen, iruditzen baitzait horrekin haien hizkuntz politikaren aurka ez ezik haien murrizketen aurka ere egiten dudala protesta", azaldu digu.

Sari banaketara jertsea jantzita joan den, "badaezpada ere". Behin aretoan zegoela jertsea kendu zuen, goiburu aldarrikatzailea agerian utziz, eta zirrikitua ikusi zuelarik aukera probestu zuen: "Barcina eta Iribas argazkia egiteko lekuan jarri zirenean, gainontzeko ikasleak zertxobait lotsatu ziren, eta nik une hori aprobetxatu nuen bien artean jartzeko".

Agintariek ez zioten deus esan. Edo bai: Iribasek esan zion nahi izanez gero sariaren agiria euskaraz emanen ziotela. Eta Barcinak hitzaldian diosala euskaraz egin zuelarik, berari begiratu zion. Ekintzak horrenbesteko oihartzunik edukitzea ez zuela espero esan digu. Eta eskuzabalki onartu du bideoelkarrizketarako elastikoa berriz janztea. Baita gure bi esatarirekin argazkia egitea ere.