CANeko luxuzko bidaiei, erlojuei eta txartelei buruzko informazioa eskatu du epaileak

Euskalerria Irratia 2015ko mar. 27a, 11:48

Argazkia: eitb.eus

Hala, Kontuz elkartearen eskaera onartu du Espainiako Auzitegi Nazionalak.

Kontuz-en aburuz, Nafarroako Kutxak dirua xahutu zuen bezero garrantzitsuei luxuzko bidaiak oparituz eta Miguel San, Yolanda Barcina, Alvaro Miranda, Carlos Garcia Adanero eta Roberto Jimenezi erloju garestiak emanez. Halaber, kontsumitzaqileen elkarteak uste du kutxako kontseilariek zein zuzendaritzako kideek dirua xahutu zutela txartelekin.

Hori horrela, Kontuzek CAN auziaren barruan hori guztia ikertzeko eskatu zion Espainiako Auzitegi Nazionalari, eta Eloy Velasco epaileak eskaera onartu du, Caixabanki horren guztiaren inguruko informazioa eskatu dio. Hamar eguneko epea eman dio horretarako. Badago autoaren aurkako helegitea aurkezterik, eta pentsatzekoa da auzipetuetako batzuek errekurtsoa aurkeztuko dutela.

Kontuzek halaber epaileari eskatu zion neurriak har zitzala berma zezan Auzitegi Nazionalak Criteria Taldeari eskaturiko informazioa behar bezala heltzen zela eta egiazkoa zela, CANeko zuzendari nagusi ohi Enrique Goñi baita Croteria Talde horretako egungo burua. Baina eskaera hori ez du onartu Velasco Epaileak, Fiskaltzak aurka egin zuelako, argudiatuz akusazioak ez zuela indizio bakar bat ere eman. Hala argitaratu du gaur Diario de Navarra egunkariak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!