Jadanik 30.000 lagunek pairatzen dute txirotasun larria Nafarroan

Euskalerria Irratia 2015ko mar. 27a, 11:25

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren krisiaren eragin sozialaren inguruko txostenak dio arazoa "enkistatzen" ari dela.

Krisiak eztanda egin zuelarik, txirotasun larriak nabarmen egin zuen gora Nafarroan. Orduan egoera horretan erori ziren pertsonak orain "enkistatzen" ari dira. Zailtasun handiak dituzte egoera horretatik irteteko. Orotara 30.000 lagun dira, biztanleriaren %5 gutxi gorabehera, 2007an zirenen halako hiru. Hori guztia eta gehiago dio NUPeko Berdintasuna eta Integrazio Soziala Lortzeko Ikerketa Katedrak krisiaren eragin sozialari buruz egin duen txostenak. 

Atzo aurkezturiko txosten horren arabera, txirotasun larritik irteteko arazoak gero eta handiagoak dira; izan ere, enplegua sortzen ari da, bai, baina kalitate urrikoa, behin behinekoa, soldata baxukoa, eta horren poderioz langile txiroaren figura berragertzen ari da.

Txostenak 2007-2014 epea aztertu du, eta gogor kritikatzen ditu Nafarroako Gobernuak batez ere 2011tik aurrera alor honetan egindako murrizketak. "Nafarroako Gobernuak ibili duen integrazio estrategiari mamia falta zaio. Gizartea alor honetan politika ausart, eraginkor eta irudimentsuak eskatzen ari da. Arazo honi behar bezala aurre egiten ez badiogu, arazo honek aurretik eramanen gaitu", azaldu du katedrako zuzendari Miguel Laparrak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!