Herrikoa eta Sortzen guraso elkarte federazioek 2013an Nafarroako ikastetxe publikoen egoera aztertu zuten, eta ondorioztatu zuten 30 zituztela espazio eta azpiegitura arazoak. 2014an gauza bera egin dute, eta jabetu dira arazoak dituzten ikastetxeak 50 direla. Ia laurden bat, orotara 231 ikastetxe baitaude Foru Erkidegoan, 169 ikastetxe eta 62 institutu hain zuzen ere.
Azken urtean hobekuntzak bakarrik bi ikastetxeetan egin ditu Nafarroako Gobernuak. Sortzeneko Gari Torregrosaren arabera, “horrek argi bezain garbi uzten du irakaskuntza publikoaren kalitatea ez dela lehentasun bat Nafarroako Gobernuarentzat, eta krisiaren ondorioz dituen errekurtso urriak irakaskuntza pribatuaren mesederako erabiltzen duela”.
Guraso elkarte federazioek osatu duten txostenak salatzen du kalitatezko irakaskuntza bermatzeko hobekuntza asko egin behar direla 50 ikastetxetan. Arazo nagusiak gela falta eta aterperik gabeko patioak dira.
Buztintxurin arazo larriak dituzte larrialdietarako irteerekin. Biurdanan institutu berri bat behar da, egungoa masifikaturik dagoelako. Sarrigurenen ere institutu bat behar dute.