#Hankazgora! gazteentzako argazki lehiaketaren lehen edizio arrakastatsua

Euskalerria Irratia 2015ko mar. 24a, 00:59

155 lan aurkeztu dira Euskaltzaleen Topaguneak eta Fundación Caja Navarrak aurten lehen aldiz antolatutako argazki lehiaketa honen lehen ediziora.

Nafarroako 12 eta 18 urte bitarteko gazteen artean euskararen aldeko motibazioa eta sormena bultzatzeko helburua izan du lehiaketak. Bi hilabetean 155 argazki jaso dira eta 280 jarraitzailetik gora izan ditu lehiaketak Internet bidez.  

 “Hankazgora” ideiak iradokitako argazki bat egitea eta horri euskarazko izenburu bat jartzea izan dira bete beharreko bi baldintzak. Ondoren parte hartzaileek argazkia partekatu behar zuten Instagram sare sozialaren bidez.  

Aurkeztutako guztien artean lanik onena aukeratzerako orduan argazkiaren kalitatea, gaiarekiko lotura, originaltasuna eta argazkiaren konposizioa baloratu dituzte, besteak beste, epaimahaia osatu duten argazkilari profesionalek.

Irabazleak

Argazki onenaren saria bi egileren artean banatzea erabaki dute epaimahaikoek, bi argazkien kalitatea handia ikusita: Olaztiko Leire Zubicoa eta Iruñeko Gaizka Idiakez dira lan hauen egileak eta 250 euroko bono sari bana jaso dute.

Bestalde, aurkeztutako argazki guztien artean Instagrameko erabiltzaileen bozka gehien jaso dituen argazkiaren egilea  Ainara Fuertes iruindarra izan da. Berak 500 euroko bono saria jaso du.

Sari banaketa joan den larunbatean egin zen Iruñeko Civican aretoan. Irabazleek Caja Navarra fundazioko Maite Roncal eta Euskaltzaleen Topaguneko Oskar Zapataren eskutik jaso zituzten sariak.

Saritutako lanak

Leire Zubicoa: “Norbera da nahi duena, norbera da izan nahi duena #hankazgora!”

Gaizka Idiakez: “Gero eta oztopo gehiago daude euskaraz ikasteko, horregatik guk egoerari buelta ematen diogu! Munduari buelta eman! #Hankazgora!”

Ainara Fuertes: “Mundua #hankazgora! dago”.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!