Errepresio politikoa salatzeko manifestaziora deitu dute hainbat sindukatuk eta gizarte eragilek

Euskalerria Irratia 2015ko mar. 18a, 13:43

Martxoaren 28an adierazpen herritarra egingo dute, Iruñeko Udaletxeko plazan, 12:30ean.

Gobernuek giza eskubideak urratzen dituzten gero eta lege, arau eta politika gehiago bultzatzen dituztela salatu dute eragileek. Espainiako Zigor Kodea aldatzeko prozedura eta isilarazteko legea aipatu ditu Ernaiko kide Maialen Etxeberriak: "Urte asko daramagu errepresio politiken ondorio lazgarriak pairatzen". Gizartean beldurraren mezua hedatuz, estatuek giza eskubideak zapaltzen dituzten marko juridikoa egituratzen ari direla gaitzetsi du. Ongizate estatua edukiz husten ari diren bitartean, kontrol soziala eta errepresioa areagotzen ari direla nabarmendu dute.

Errepresio politikei "ez" esateko unea dela aldarrikatu nahi dute deitzaileek, eta adierazpen herritarra egingo dute martxoaren 28an, Iruñeko Udaletxeko plazan, 12:30ean. Oraingoz, Kalea Denona, Salhaketa, Sasoia, SOS Arrazakeria, Ernai, Bilgune Feminista, Martes al Sol, Paris 365, Langabezian eta prekarietatean dauden pertsonen elkartea, Ikasle Abertzaleak, Etxerat, Steilas, LAB, ELA, ESK, CGT eta EHNE sindikatu eta eragileek egin dute bat ekimenarekin. Baina atxikitzeko deia luzatu diete alderdi politiko, kolektibo zein norbanakoei. Horretarako helbide elektronikoa jarri dute eskura: pronunciamientosocial@gmail.com.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!