D eredua ezartzeko planteamendua babesteko eskatu diete Abarzuza ikastetxetik Parlamentuko eledunei

Euskalerria Irratia 2015ko mar. 11a, 08:11

Ikastetxeak eraikin berria behar duela ohartarazi dute segurtasuna areagotu dadin eta zaharkitua gelditu dena berritu dezaten.

1920. urtean eraiki zen Abarzuzako ikastetxea. Gaur egun, 33 ikasle ditu hiru taldetan banatuak: haur hezkuntzako gela bat eta lehen hezkuntzako bi ari dira. Hiru tutoreren eta bi irakasle espezialistekin eramaten dute aurrera ikasturtea.

Nafarroako Parlamentuko ordezkariak izan dira ikastetxea ezagutzen. Mari Carmen Domblas ikastetxeko zuzendariak; Kalen Arce irakasleak; Jose Mari Ros Abarzuzako alkateak; Blas Baztarriaga eta Pedro Torrano zinegotziak; eta Arturo San Martin, Mari Carmen Izkue eta Ana Etxalar Eskola Berria batzordeko kideak izan ziren bisita egunean Parlamentuko eledunei bisita gidatzen. Eraikuntza zaharkitua gelditua dela ohartarazi zieten alderdi politikoetako ordezkariei: "osasun arloko zenbait zerbitzu zuzendu beharra, hezetasuna, instalazio elektrikoa eta galdara gela berritu beharra dute", nabarmendu du ikastetxeko zuzendariak.

Eraikuntzak zenbait gabezia gehiago ere baditu. Patiorik ez dagoela egiaztatu dute parlamentariek, ez eta gorputz heziketa egiteko gelarik ere: "herriko frontoia baliatzen dugu kirol arloa asetzeko, baita udalak utzi digun etxabe bat ere", esan du Domblasek. Oinarrizko zerbitzu publikoa den aldetik hezkuntzarena, gogorarazi die ikastetxeko zuzendariak alderdietako ordezkariei landa eremuetako eskolak babestu behar direla errentagarritasunaren izenean.

Eraikin berria, eredu berria

"Urte asko dira eraikin berria ezinbestean egin behar dela", nabarmendu du zuzendariak. Segurtasun arazoak jasanezinak bilakatu direla esan du eta irisgarritasuna ere ez dagoela bermatua.

D eredua ezartzeko ez du asmorik Nafarroako Gobernuak Abarzuzako ikastetxean nahiz eta 10 eskari dauden 2015/2016 ikasturterako. Hezkuntza Departamentuak jakinarazi die gutxienez 15 ikasle izan behar direla eskaera egiten D eredua eskaini ahal izateko. Domblas ez dago ados erabaki horrekin. Horregatik Parlamentuko eledunei eskatu die bidera dezatela gaia eta Hezkuntza Batzordean landu dezatela.

Protestak eginen dituzte

Igandean, martxoaren 15ean, Zonifikazioaren mugak gaindituz martxa antolatu dute. Lizarratik Villatuertara eginen dute goizeko 11etatik aurrera.

Apirilaren 19an gainera Faltzesen ospatuko da Euskara Herria Josten jaialdia.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!