Heldu den urtean izanen da hezkuntzan Lan Eskaintza Publikoko froga. 134 lanposturako hautagaiak ariko dira azterketa egiten. Lanpostuen %40k Ingelesezko C1 maila exijitzen du. Hau da, gaur egun zerrendetan lanpostu publiko finkorik gabe dauden 3.000 bitarteko irakasleen artean 103k baino ez du ingeles maila hori. Hortaz, irakasle interinoen %97k ezinen dute lanpostu publikorako azterketan parte hartu. Hala jakinarazi du ELA sindikatuak. Iragarri duena da errekurtsoa jarriko diola Hezkuntza Departamentuak aurkeztua duen Lan Eskaintza Publikoari baldintza hori kendu ezean.
Kanpaina jarri du abian sindikatuak
Kanpaina bat jarri du abian ELA sindikatuak Nafarroako Hezkuntza Departamenturi eskatzeko Lan Eskaintza Publikoko baldintzetatik ingelesezko hizkuntza eskakizuna bertan behera uzteko. Hizkuntzarekiko apartheida egitea leporatu diote Jose Iribas Kontseilariaren departamentuari.
Zazpi pausotan jarriko dute abian kanpaina: PAIren kontra jarritako salaketa muturreraino eramanen dute; talde Parlamentarioak jakinaren gainean jarriko dituzte; Hizkuntza Eskubideen Behatokian eta Arartekoan kexak jarriko dituzte; Gobernuari exijituko diote ingelesezko C1 eskakizuna kentzea; gainerako sindikatuei bat egiteko deia eginen diete mobilizazioetan parte hartzeko eta horiek guztiak nahikoak ez balira, ELAk deialdiaren kontrako errekurtsoa jarriko luke.