"Hezkuntza Departamentuarentzat azken putz izan gara Arte Ederretako ikastetxekoak", hala salatu du dimisioa eman berri duen zuzendari Miguel Ascuncek. Corellan jarri nahi dute Diseinuko Goi Mailako ikasketak eskainiko duen ikastetxea. Iruñeko ikastetxeko komunitatea aurka dago, erabaki horren atzean interes zehatzak daudela sumatzen dute: "OPUSeko unibertsitateak eraiki berri duen museoaren eraikinean Diseinuko Goi Mailako ikasketak eskaintzeko aukera, ikasketa pribatuak lirateke horiek noski". Modu horretan, ikasketa horiek eskola publikoan egiteko aukera bakarra Corellara joatea litzateke. Ez dute bidezkoa ikusten.
Diseinuko ikasketak egiterik ez ikastetxe publikoan
Nafarroa eta Cantabria dira Espainiako bi erkidego bakarrak Diseinuko Goi Mailako ikasketak eskola publikoan eskaintzen ez dituztenak. Corellara eramatea akatsa dela uste dute ikasle, irakasle eta gurasoek, "eskaintza partziala izanen da eta baztertzailea". Gobernuak hiru aukera ematen dizkie ikasleei: Corellara joatea, ikastetxe pribatura joatea edo beste erkidego batera joatea.
Datozen asteetan Parlamentuko taldeekin eta Iruñeko Udaleko zinegotziekin bilduko direla iragarri dute. Protestak ere antolatuak dituzte.