Arrasbero

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Yecora 2024ko eka. 12a, 12:17

Gizabanakook eta taldeok hitz berrien beharra izaten dugu askotan. Jendartea aldatzearekin batera hizkuntza bera ere aldatzen da.

Zenbaitetan, beste hizkuntza batetik hitza bera hartu eta moldatu egiten dugu, baina beste hainbatetan, hizkunek beraiek asmatzen dituzte hitzak, haiek dira hornitzaileak.

Azken urteotan gaztelaniazko tardeo hitza behin eta berriro aditu dugu. Ez dakit zeinek asmatu duen, baina bolo-bolo dabil denon ahotan. Berez, gaztelaniaz dagoen aditz batetik sortutako hitza da, baina orain adiera berria hartu du hitzak. Euskarak ez du antzeko hitzik, nik dakidala behintzat.

Nik, EH Irratian egiten dudan azken iruzkin honetan gauza bat aitortuko dut: gustuko dut hitzak asmatzea. Eta tardeo hitzaren euskal alternatiba aurkeztu nahi dut, non eta Iruñerriko euskaldunon irratian: ARRASBERO.

Berez, arratsaldean egiten dugun ekintza da. Horrexegatik dauka ARRAS hasmentan. 

BERO: kasu honetan berotu aditzetik abiaturik. Hainbat sinonimo ditu horren barruan: alaitu, kitzikatu, gogoberotu. Ez dakit inork erabiliko ote duen. Nik, bederen, bai. Baina, kasu! hoberik bada, esan, eta erabili eginen dut. 

 

Ekainean bazkari asko ditugu lagunekin hamaika gauza ospatzeko. Hamaika bazkari horien ondoren, hamaika ARRASBERO eginen ditugulakoan nago. 

 
 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!