Hiru eraso LGTBIfobo salatu dira maiatzean Iruñean, eta azken hilabeteotan hainbat eta hainbat eraso gehiagoren berri izan dugu Euskal Herriko bertze zenbait tokitan.
Tantaka-tantaka izaten dugu erasoon berri: irainak, bultzakadak, sudurra apurtzerainoko kolpeak jasan ditugu azken urtean genero-arauetara ez egokitzeagatik edo gure desirak adierazteagatik. Ezagutzera eman diren erasoak izan dira horiek, baina gehiago izan dira.
Transmaribibolloon bizitzak ez daude gorrototik libre, kaleak eta gauak ez dira seguruak guretzat, heterosexismoaren neurrira eginda daude gure herri eta hiriak.
LGTBIfobiak ez du mugarik ezagutzen, eta batzuetan bere alderik makurrena eta bortitzena erakusten du. Erasook ikusgarriago egiten duten LGTBIfobia, dena den, bestelako forma ugaritan ere bizi dugu: osasun etxeetako jarrera lesbofobo eta transfoboetan, lantokietan, langabezia tasetan...
Ezin dugu onartu kaleetan, medioetan, sareetan inpunitatez zabaltzen diren jarrera faxistak normalizatzea.
Aurpegi asko ditu LGTBIfobiak, eta transfobiarena da azken hilabete eta urteotan bere gordintasunean agertzen ari zaiguna: kalean, hedabideetan, sare sozialetan, eta baita ingurune militante zenbaitetan ere. Gainera, zenbait jendek feminismoaren, klase borrokaren edo ezkerraren izenean mozorrotzen dituzte beren jarrera transfoboak.
Baina funtsean, hori baino ez da: gorrotoa eta transfobia.
Gorroto-delituen izenean zigorrak areagotzeak ez du LGTBIfobiarekin bukatuko. Gizarte patriarkal eta LGTBIfoboa errotik eraldatzea da behar duguna, ez biktima babesgabe gisa tratatuko gaituen sistema polizial bat.
Ahizpek zaintzen gaituzte, ez poliziak. Horrexegatik da garrantzitsua auto-antolaketa eta autodefentsa transmaribibolloa, geure arteko sareak eta aliantzak indartzea. Borroka antiarrazistan, transfeministan, langile borrokan, etxebizitzaren aldeko borrokan eta beste hainbatetan dabiltzanekin sareak eta aliantzak sortu behar ditugu
LGTBIfobiarik gabeko jendartea eraikitzea guztioi dagokigu-eta.