Iraina argumenturik ez duenaren erantzuna dela aditu izan badut ere, ez dut garbi honela ote den.
Iraina mintzeko modua da. Iraina disidentziak zigortzeko, markatzeko modua da. Halaber, desberdina edo arautik harago daudenak mugatzeko, mintzeko eta gutxiagotzeko erabiltzen da.
Gaur egun, zoritxarrez, politika egiteko modua bihurtu da. Iruñeko alkate ohiak, kargutik kendu zuten horrek, behin eta berriro, eta edozein aitzakia dela, miserable (ziztrin) hitza erabiltzen du, mantra bihurturik.
Inoiz baino gehiago aditzen dira maila politikoan, baina kasu! ez ditzagun ordezkari politiko guztiak zaku berean sartu: eskuinak erabiltzen ditu behin eta berriro, bai parlamentuetan, bai udaletan, bai prentsaurrekoetan. Kontra egiteko modu lazgarria. Estrategia da.
Orain opuseko unibertsitateko ikasleek utzitako irainak dira hizpide. Non eta Nafarroako Parlamentuan. Ikasle bikainak zuzenbideko hauek. Ederki ikasiak. Zinez ausartak.
Zurrunbilo honetan, bitxiak iruditu zaizkit UPNren bozeramailearen adierazpenak: batetik, atsekabeturik hartu ditu Nafarroako presidentearen aurkako irainak eta bere elkartasuna adierazten dio presidenteari; bestetik, Opuseko unibertsitatea zoriontzen du emandako erantzunagatik.
Niri bi galdera etorri zaizkit burura:
-
Ikasle horien ardura duen unibertsitatea zoriontzeko tenorea da?
-
Atsekabea baino, ez al da ikasle horrek edo ikasle horiek idatzitako irainak irmoki errefusatzeko unea?
UPN-k tratu onen ikastaroa egin behar luke. Baita ikasle horiek ere.