Irainaren berjabetzea

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Yecora 2024ko ots. 7a, 12:18

Marimutil, marineska, marigizon, sasigizon, sasineska, trabeloa, maritxu, atzelari, kuir. Horiexek eta beste hainbat aditzen ditugu gure bizitzan zehar. Emakumeek ere badakite zertaz ari naizen. Euren kasuan, zorra edo puta dira bizitzan zehar gehien aditzen dituzten irainak.

Arau soziala hausten dugunen kontrako irain andana erabiltzen da eta , zoritxarrez, aditzen ere ohitu gara. Izan emakumea, izan sexu-genero disidentea, izan pertsona arrazializatua edo desgaitasuna duen pertsona. 

Iraina bidaide, iraina izubide.

Paul Preciado filosofoak dioen bezala, "irainaren historia politikoa bere usadioen historia aldakorra ere bada" eta 80ko hamarkadaren erdialdean queer hitzaren erabilera aldatu egin zen. Horixe egin dugu sexu-genero disidenteok. 

Irainaren berjabetzea esaten zaio horri. Estrategia hori ez da berria, eta historian zehar diskriminatutako emakumeek eta kolektiboek jarri dute abian, hala nola LGTBI mugimenduak edo arrazializatutako pertsonek.

Norberaren iraina desartikulatzea da kontua, hitza geure eginez. Behin eta berriz errepikatu dizkiguten terminoak dira, gu iraintzeko edo umiliatzeko. Beraz, horietaz jabetzea harrotasunetik erabiltzea da, eta hortik baieztatzea. Bai, sudaka, maritxua, beltza eta bollera naiz eta ez da ezer gertatzen. Are gehiago: harro nago. 

Orain, puri-purian dabil eztabaida. Jaialdi batean irabazi duen kantaren titulua zorra baita. Ongi aditzen badugu letra, laster ikusiko dugu ahalduntze kolektiboa dela. 

Nik garbi dut: Izan gaitezen arau-hausleak, izan gaitezen zorrak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!