Aralarko Mikel Deunaren bisitaren eskutik, beste behin ere, erlijioaren eta horren inguruan dauden ohituren inguruko eztabaida piztu da.
Ni laikoa naiz, eta laikotasunaren aldeko defentsa irmoa egiten dut. Ondorioz, lekuz kanpo ikusten ditut erlijio adierazpenak eremu instituzionaletan.
Irakaslea naiz eta sutsu defendatzen dut egutegi ofiziala ez litzatekeela egon beharko jai erlijioso jakin baten arabera zehaztuta.
Eskola eremuan, nahiz eta hirugarren hiruhilekoa deitu, hilabete eskasekoa da aurtengo ikasturte bukaerako tarte hau; eta hau gertatzen da udaberriko oporraldia Erlijio Katolikoak zehazten duelako Aste Santuaren arabera.
Nik bestelako ordutegia defendatzen dut.
Eskolan logika pedagogikotik antolatu beharko lirateke egutegiak, eta jendartean, orokorrean, gaur egun ditugun festa erlijiosoak berrikusi beharko lirateke eta moldatu bestelako helburuen arabera.
Nik neure burua zaintzen dut, ez dut inolako zaindari katolikoaren zaintzaren beharrik. Nire hiriak ere ez. Herriko festak ere ez genituzke egin beharko ustezko santu baten omenez. Sanferminak baino, Iruñeko festak nahiago ditut.
Adibide andana, gehiegi.