Hirien nazioarteko eguna dugu bihar, urriaren 30ean.
Azken urteotan hiriek hartu duten eraldaketa ikaragarria izan dela begibistakoa da.
Orain bestelako irakurketa egiten ari zaio Iruñeari, eta hirigunea atsegin egiteko plana aurrera doa.
Erdigune isilagoa, lasaiagoa eta atseginagoa du helburu planak eta hiri espazioaren kalitatea hobetzea, non bizilagunek lehentasuna duten. Hitzak asmoak bezain ederrak.
Garbi izan behar dugu zein den hiri-plangintzaren subjektua eta hori buruan izanda, nola bermatu segurtasuna, irisgarritasuna, mugikortasuna, besteak beste. Aztertzeko erronka dugu aurrean, eta horretarako intesekzionalitate-ardatza kontuan hartu: klase soziala, adina eta etnia edo kultura. Eta bide osoan, genero-ikuspegia txertatu.
Udalak emaniko urratsen emaitzak ikusten ditut paseoan hurbiltzen naizenean alde zaharrera; bertan hogei urtez bizi izan naiz, eta bihotzean dut. Paseo horietan nik ezagututakoa bestelakoa dela ikusten dut.
Turismoaren gorakadak eta tabernen kopurua horrenbeste handitu izanak itsuraldatzen du udalaren hasierako asmoa, hots, bizilagunei bermatzea bizi kalitatea.
Badakit ez dela erraza. Interes eta eredu kontrajarriak daude. Hala ere, hausnarketarako eta eztabaidarako prest dagoen udala dugu, eta hori ezinbestekoa da. Abiapuntu ona. Ez dezagun ahaztu zein den subjektua, eta bertan bizi direnek merezi duten errespetua. Horien beharrak lehenetsi bai; baina alde zaharra denona da, gure sustrariaren irudia da.
Oreka non dagoen zehaztea udal agintarien eta hiritarren arteko eztabaidan dago.