Beste behin sindikalgintza eredua hizpide dugu. Aurreko gobernuek asmo jakin bat helburu, CCOOren eta UGTren mesedetan akordioak burutu eta mesedeak ere bideratu zituzten. Horren truke bake soziala deritzona bermatzeko ahalegin guztiak egiten zituzten, eta hortik ateratzen zen oro gaizkileen pare jarri.
Bestekorik espero nuen nik Barkosen Gobernutik. Bestelako politika sindikala egiteko exijitu behar zaio. Aldaketa eskaini ziguten, eta sinetsi genuen esparru horretara ere ailegatuko zela. Kontua ez da sindikatu gehiagotara sarrera zabaltzea, kontua eredua bera da.
Hezkuntzan ondorio maltzurrak ekar ditzake enpresario elkartearen eta bi sindikatu horien arteko elkarlanak, hezkuntzaren helburu nagusia bera ere enpresen beharretara moldatuko baita, LOMCEk eta OCDEk zehazturiko helburuetara alegia.
Nik bestelako eredua defendatzen dut, baina bide horretan eskola publikoaren beharrak ongi aztertu behar dira, eta ikusi nola bermatu eskaintza publikotik langile eta langabetu orok bizitzan zehar formakuntza jasotzeko eskubidea.
Hezkuntzaren merkantilizazioa aukera horretatik kanpo geratzen da. Orain Barkosen gobernuaren txanda da.