Eskola askotan ordutegi jarraia ezarriko da datorren ikasturtean. Aldaketaren aldeko bozkek bat baino gehiago harritu izanen dute eta datozen urteetan aldaketa erabat orokortuko delakoan nago. Aldaketak bereziki landa eremuan izanen du isla, hiriko familiek – oraindik ere – mesfidati begiratu baitiote aukerari.
Ez da inola ere abiapuntu txarra ordutegia bestela antola daitekeela ikusteko. Arrazoi pedagogikoek talka egiten dute familia eta irakasleen behar eta nahiekin. Edonola ere, inertziaren aurkako lehenengo horma erortzekotan dago.
Bada bestelako eztabaidari ekiteko momentua: ikasturtearen antolaketa. Gaur egun festa erlijiosoek erritmoak markatzen dituzte ordutegian. Gabonak , Aste Santua, Santuak… eta horien araberako hiruhilekoak eta zubiak. Lehenengo proposamenak egiten hasiak dira Estatu Espainolean, beti ere Europako eskarmentua ikusita. Egutegi berri horrek ikasleak eta euren behar pedagogikoak ardatz jartzen ditu, familien interesak eta beharrak ahaztu gabe. Ekimenaren arabera zazpi astean behin aste beteko atsedenaldia proposatzen da. Festa erlijiosoak mantentzen dira, baina euren luzapena mugatu.
Nik eskola laikoa defendatzen dut, baina horren guztiaren gainean arrazoi pedagogikoak defendatu nahi ditut ordutegiaren aldaketak bultzatzeko, eta eztabaida horretan denok – irakasleok eta familiek – gure beharrak bigarren mailan utzi behar genituzke. Ezinbestean sosegua behar dugu.