Sahara bizirik

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Yecora 2016ko abe. 14a, 12:34

Hile honen hasieran Argeliako Bujador izeneko errefusiatu kanpamentuan hiru eguneko kongresua izan du Frente Polisarioren sindikatuak, UGTSARIOk. Euskal ordekaritza zabalak Saharar herriarekiko elkartasuna erakusteko aukera izan du kongresuan, eta, bereziki, saharar herriarekiko autodeterminazio eskubidearen aldarria berresteko aukera ere bai.
Bertatik bertara euren bizi-baldintzak ezagutzeko aukera izan dugu, bai eta Marokoko gobernuak lurralde okupatuetan langile zein biztale guztiei ematen dien tratu txarra ere.
Kolonialismoaren arrastoaren gatibu, Kolonizazioaren biktimak, merkatuen eta kapitalismoaren menpe. Baina bizirik.
Estua da Euskal Herriak Saharar herriari erakutsitako elkartasuna eta maila guztietan dago euskaldunon elkartasuna: haurrak udan gurean hartzen dituzte familiek, sindikatuek ematen duten sostengua, norbanakoek elkartasun karabanetan ematen duten laguntza, ospitaletan boluntario lana egiten duten medikuak eta erizainak, garapenerako proiektuak...
Ongi baloratua da elkartasuna, eta euskaldunon ezagutza handia da. Gure herria bihotzean dutela esaten digute, gurean haiena den bezalaxe.
40 urte errefusiatu kanpamentuetan, erbestean, basamortu gordinean. Elkartasun eske, askatasun eske.
Heldu askok bizimodua eta egoera ikusita, askatasunean bizitzeko itxaropena galdu du, eta herri bati gerta dakiokeen txarrena da. Aitzitik, haurren irriek gure bihotzetan oroimen gozoa uzten dute eta haien begiradetan eusteko eta borrokoatzeko izpia ikusten da. Batzuek zein besteek gu ongi egoten saiatzen dira, herri abegikorra baita.
Bertan bestelako arazoak ditugu, asko, baina zurrunbilo honetan ezin dugu inola ere ahaztu bizirik dirauen herria gure bihotzetik hurbil dagoela, eta ematen dugun laguntza oro, txikia iruditzen bazaigu ere, beharrezkoa dela eta ongi baloratua dagoela.
Segi dezagun herri solidarioa izaten.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!