Freddie Mercury hil zenetik 25 urte pasatu dira. Geroztik, HIESaren inguruko ikerketek aurrerapen handia eman badute ere, ezin dugu esan gure ingurutik gaixotasuna erabat uxatu dugunik, ez eta haren kalteak ere.
Gaixotasun kroniko bihurtu izanak bizi-itxaropena bermatzea guztiz positiboa den testuinguru honetan, zinez kezkagarria den ondorioa ere ekarri du: asko dira prebentzioa alde batera utzi eta kutsatzeko aukerari beldurra galdu diotenak. Eta uste baino handiagoa da arriskua.
Abenduaren 1ean, beste behin ere, gogorarazten dizkigute HIESAri, aurre egingo badiogu, zein diren ardatz nagusiak: ezin erlaxatu prebentzio neurrietan sexu harremanetan; instituzioek eta erakundeek prebentzio kanpaina eraginkorrak egiten segitu behar dute; eta arrisku praktikak eginez gero, birusa detektatzeko proba egin, diagnostiko goiztiarrak bizi-itxaropenean ondorio zuzena baitu.
Sexu heziketa esparru guztietara eraman behar dugu ezinbestean. Zoritxarez, egungo hezkuntza sistemak gabezia asaldagarria erakusten du, eta hipersexualizaturik dagoen jendarte honetan gazteek sexu-ereduak pornografian ikusitakoetan eraikitzen dituzte.
Abenduaren 1ean, ostegunarekin, HIESaren Aurkako Nazioarteko Egunean elkarretaratzea deituta dago Nafarroako Parlamentuaren aurrean, ozen eta argi esango dugu HIESAren estigma gelditu behar dugula, eta jendarte osoaren elkarlana beharrezkoa dela.