Inertzia Hezkuntzan

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Yecora 2016ko aza. 2a, 12:08

Pasa den asteko asteazkenean Mendozak lehenengo lanuztea ezagutu zuen, eta horren kudeaketa egitea suertatu zitzaion. Zenbait egun lehenago Hezkuntzan izandako bilera batean inertziaren arriskuaz ohartarazi nion zuzendari nagusi bati.

Ohikoa izaten den bezala, gutxieneko zerbitzuak ezarri zituen Departamentuak, eta zoritxarrez, Nafarroan ohikoa izaten den bezala, gehiegizko zerbitzu minimoak ezarri ziren. Inertziaz jokatu zuten, eta Iribasek ezartzen zituen berberak kopiatu eta betearazi. Alferrikakoak izan ziren sindikatu deitzaileek egindako zuzenketa eskaerak. Kontseilariak bereari eutsi zion eta hori guztia ikasleek duten hezkuntzarako eskubidean oinarriturik.

Hitz potoloak ordu beteko lanuztearen aurrean; potoloak bezain hutsalak. Ordu beteko lanuztea izanagatik ere, Haur eta Lehen Hezkuntzan heren batek ezin grebarik egin. Ikasleen hezkuntza eskubidea hitzetik hortzera. Baina hezkuntza eskubideak bestelako mugak ditu eta gobernuak, inertziaz honetan ere, ez ditu berehala ordezkatzen bajan eta baimena duten irakasleak. Kasu horietan aste bete luzea egoten ahal dira irakaslerik gabe. Beraz, hezkuntza eskubideak bere sena galtzen du ordezkapenez ari garenean.

Hezkuntza Departamentuan gauzak, erabakiak, hausnarketak... bestela egiten ahal direla sinetsi behar dute eta horretarako, ezinbestean, aditzeko prest egon behar dute, eta inertziak baztertzeko prest. Inertzia gaiztoa da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!