Bizitzan zehar bazterturik sentitzeko hamaika aukera izan ditut.
Ezkerreko giro iraultzailean antimilitarista izateagatik, bazterturik.
Heteroaraua nagusia den gizartean gay izateagatik bazterturik. Behin euskara
ikasita euskaraz bizi nahi izateagatik, bazterturik.
Azken bolada honetan jende askok jakin du Nafarroa osoan ofiziala den
hizkuntzan lana egiteko aukera oztopatzen zaigula ni bezalako irakasleoi.
Zerrenda segregatzaileak asmatu zituen UPNk hezkuntzarako eta helburua zen
erdaldun elebakarrak babestea, eta horretarako, beste behin, euskaldunon
hizkuntza eskubideak urratu.
Neuk ere espezialitatearen araberako oposizioak eta kontratazio zerrenda
bakarra aldarrikatzen dut, hizkuntzen bereizketa egin gabe, eta
segregazioaren aldeko sinadura bilketak eta horren aldeko ebazpenak asmo
gaiztokoak direlakoan nago. Hizkuntza apartheida bultzatzea irrazional eta
zuzengabea da.
Euskaldunok behartuta gaude oposizioak euskaraz edo gaztelaniaz
hautatzera. Elebidunok, edo eleaniztunok, erabateko gaitasuna dugu hizkuntza
batean edo bestean egiteko gure lana. Beraz, ez dute zertan mugatu gure
aukera laboralik; eta hau ohikoa izan da urte luzetan.
Hizkuntzen ezagutza gehigarria da, baina euskarari badagozkio kengarri
bihurtzen dute.
Laster ikusiko dugu gobernu berriak egoera segregatzaile hau
gainditzeko ausardia erakusten ote duen.