Azken urteetan askotan entzuten dugun edo hizpide dugun gaia da gaur egungo gazteek ez dutela irakurtzen. Kezka nagusi bihurtu da hezkuntzaren esparruan ikusten baitugu testu luzeak irakurtzeko ezintasuna, denbora luzez liburu baten plazerari eusteko gaitasunik eza... Era berean, esaldi hori epai baten modukoa da, helduen mundutik jaurtitako dardo bat balitz bezala. Eta hainbeste errepikatuta, ez al du horrek eraginen epai hori egia bihurtzea? Ez al gara epai horrekin egia elikatzen ari eta alderantziz?
Beharbada, irakurtzea establishmentaren parte gisa ikusten dutelako. Eskolako derrigorrezko liburuak, azterketak, arauak... Irakurketa, plazera izan beharrean, eginbehar bihurtu dugu. Eta gazte izatea, berez, ezarritako horren aurka egitea bada, liburua ixtea izan daiteke helduen mundu zurrun horretatik aldentzeko modurik errazena. Hori izan daiteke arrazoietako bat, hezkuntza falta baino gehiago, hau da, helduon ereduarekiko distantzia markatzeko modu bat: "Zuk hori nahi baduzu, nik ez". Besteetan, errua guri, helduoi egozten diet, guk izan behar baitugu eredu, eta nekez ikus daiteke jada inor irakurtzen. Billabesan noala, lehen liburuak eta ebookak eskutan zeramatzaten askok. Egun, ordea, denok daramagu eskuan mugikorra, hainbeste kritikatzen ditugun sare sozial horiek kontsumitzen.
Hori hala izanik, gure erronkak ez luke izan behar gaitzestea edo kulpabilizatzea, gazteei leporatzea ez dutela irakurtzen, alegia. Gure erronka da erakustea liburuek eskain diezazkiguketen aukera anitzak, mundu, pentsaera, esperientzia, irakaspen eta abar handi bat ezagutzeko. Erakutsi beharko genieke mundu honetatik ihes egiteko, ulertzeko edota soilik plazera hartzeko geratzen zaigun espazio aske bat dela.