Zer egiteko du hezkuntzak? Jakintza transmititzea edo lan mundurako funtzionala izango den pertsona heztea?
Azken hezkuntza legeek gaitasunak izan dituzte ikusmiran. Laburki esanda, ikasleek hezkuntza etapak amaitzen dituztenean hainbat trebezia bereganatuak izan beharko dituzte, haien bizitzetako erronkei modu egokian aurre egiten lagunduko dietenak.
Ados. Berrikuntzei, aurrepausoei, datozen belaunaldiei hoberena emateko erabakiaei etabarri, nahiz eta aldaketa handia eragin eta askok modu ez osonean hartu, baikorki begirat behar diegu, duguna hobetzera omen baitatoz. Sortzen zaizkidan kontraesanak handiak izanagatik, hezkuntza langileak zerbitzari publikoak garen heinean, legeak ezartzen duenari atxikituko gatzaizkio eta ahalik eta zerbitzurik onena ematen saiatuko gara.
Irudipena dut, ordea, nire ibilbide labur honetan, jakintzak balioa galdu duela. Inguruan askotan aipatu dugun afera bat da gaztetan inork ez dakigula errenta aitorpenik edo ekonomiari dagozkion eta bizitzarako garrantzitsuak diren prozedurak egiten, ea nolatan ez diguten halakorik institutuan irakatsi. Bestalde, zenbat tematu diren egunerokoan baliagarria ez zaigun sintaxiarekin, edota present simple, continuous eta present perfect bereiztearekin, edo euskara idatziaren hastapenen txapa horrekin.
Nik neuk ez dut erantzunik horren aurrean. Hau da, ados nago ezin dugula gizartetik at dagoen mikromundu bat sortu ikas zentroetan, hau da, ortzimugan izan behar dugu norantza bideratu behar ditugun haur eta nerabeak. Alabaina, jakintzak bere horretan duen balioari zergatik garrantzia kendu? Balioan jarriko nuke nik, gaitasunek dutenarena bezain beste, jakintza ez baitago inoiz sobran, eta lan mundu kapitalistari guztiz atxikiturik ez dagoen informazioa, jakintza edo deitu nahi moduan izateak, pentsatu nahi dut, askeago egin gaitzakeela, jakitunago, kritikoago, analitikoago, enpatikoago eta askoz gauza gehiago ere bai. Gaitasunak bai, jakintza ere bai.