Azkar, azkar, azkar. Jaiki, gosaldu, lan egin, bazkaldu, lan egin, kirola, afaldu, lo eta berriz hastera. Gero eta gehiago azkartasunera bultzatzen gaituen gizarte batean bizi gara. Lehen ere hitz egiten genuen azkartasun horretaz, eraginkorrak izateaz, ahalik eta etekinik handiena ateratzeaz denbora gutxian. Eta irudipenna dut azkartasun hori bizkortzeko ez dagoela mugarik. Hau da, gero eta gehiago atera nahi diogula denborari, eta atera nahi digutela, noski. Gure balioa produktibitatean neurtzen dela baitakitu aspaldi.
Gure errutina ‘’arruntak’’ bizi ditugun aldi berean gure begibistatik, edo hobeto esanda, sare sozial eta agerkari digitaletatik ikusten ditugu pasatzen milaka gertaera hemen eta han. hainbeste gauza ari dira gertatzen munduan ez digula astirik ematen asimilatzeko. Ez dakit azkartasun horren poderioz den, gaur egun sarbide handiagoa dugulako informaziora edo benetan mundua gero eta latzagoa bihurtzen ari delako. Baina sentsazioa dut tornado baten moduan bizi garela gutako bakoitza: nahas-mahasean, bizipenak lasaitasunez bizi ahal izan gabe, eta, gainera, gure denbora librea ezinegona arintzeko kontsumora bideratzen dugula, edozein motatakoa.
Ikasturte hasiera izango da, beharbada. Ez dakit. Baina tarte hau amaitzera noa, hurrengo egitekoari heltzeko.