Bolo-bolo dabiltza orain sareetan Adolescence telesailaren inguruko iritziak. Bere adineko neska bat hil duen hamahiru urteko nerabe baten istorioa kontatzen du, nahiko modu berezian. Izan ere, lau kapituluetako bakoitza plano sekuentzia bakarrean filmaturik dago; horrek egin du ikusgarri. Maskulinitatea jartzen da auzitan, besteak beste.
Telesailak ez du aldarri berririk egiten edo ez genekien zerbait plazaratzen. Kontatzeko moduan dago gakoa, sotiltasunean, keinuetan, elkarri zuzentzeko moduan... Beldur piska bat ere ematen du, errealitatearen isla gordina baitirudi, gizartearen noraezaren erakusgarri.
Sotiltasun horretan ere gertatzen dira erasoak, azaltzen zailak direnak, baina halako telesail batek erakusten dizunean, eta prest bazaude hura ulertzeko eta autokritika egiteko, argiago ikus dezakezu non, noiz eta nola eratzen diren genero rolak, emakumeen aurako erasoak eta gailentasunean oinarritzen den mundu-ikuskera.
Gaur egungo ikuskera erreakzionario eta atzerakoien aurrean indarkeria mota hori ikusarazten jarraitu behar dugu, irmo. Diskurtso populistek, zeinek maskulinitate berrien noraeza aprobetxatzen baitute botere harremanek bere horretan jarrai dezaten, irismen neurgaitza dute, horrek dakartzan arriskuekin. Horregatik uste dut, inoiz baino gehiago, mugak jarri behar zaizkiola teknologiaren erabilerari, beranduegi izan baino lehen.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!