Azken irakurgaien arten ditut Sally Rooney Irlandako idazlearen liburuak, eta nolabait millenialon belaunaldi zabalari, edo gazte eta hain gazte ez diren helduei, ahotsa ematen dielako suertatzen dira hain erakargarriak, nire ustez. Izan ere, modu sakon eta oso espezifikoan xehetzen ditu pertsonaien uste eta sentimenduak, gazteen itxaropenak eta frakasoak, lagun eta maitale harremanen gora beherak…
Bizitzaz beraz eta horren kontraesanez hitz egiten digu orokorrean. Ezer berririk ez, erraten diot nire buruari. Baina literaturak badu halako botere bat beste leku batzuera eramateko, ezen bene-benetakoa sentitzen baituzu irakurtzen ari zaren hori. Arazo sozialei ere heltzeko beste era bat da, mahai gainean jartzeko bizitzaren prekarietatea, soldata kaxkarrak, etxe bat alokatu edo erosteko ezintasuna, eskuinaren gorakada, sarraskiak… Zer zentzu du milaka pertsona munduan gertatzen ari diren gerratan hiltzen ari diren bitartean gu harremanetan gertatzen zaizkigun txikikeriez kezkaturik egoteak? Eta horrekin ez dut erran nahi zilegia ez denik, horrek inguratzen baitu gure mundua, baita asko gauza gehiagok ere, eta bai, geure buruak zaindu behar ditugu, eta besteenak ere noski.
Honekin guztiarekin ez dakit zehazki zein mezu bidali nahi dudan. Dakidana da balioan jarri nahi ditudala literatura eta hori sortzen dutenak, hartzaileok haien hausnarraldietara gonbidatzeagatik, eta noski, irakurtzearen plazera beragatik, batez ere, irakurzaletasuna beheranzka doala dirudien honetan.