Duela hainbat urte aldarrikatu zuen mugimendu feministak zaintzen garrantzia, eta aldarri horren inguruan deitu du azaroaren 30eko greba feminista.
Zaintza modu holistikoan ulertzen dut, emakume migranteek pertsona zaharrak zaintzen egiten duten lanetik, lagunarteko emozioen kudeaketaraino. Bizitzako edozein alor zeharkatzen du zaintzak edo haren gabeziak. Zaintza ulertzen dut bizitzan lehenetsi behar den jarrera eta egiteko bat bezala, eta ez dut uste emakumeoi esleitu zaigun zaintzaren ikusmoldea kaltegarria denik orokorrean, baizik eta orain arte eman zaien balioa, mespretxua, balioespen falta… Emakumeok ulertu dugu ez dela soilik gure egitekoa, guztion erantzunkidetasuna beharrezkoa dela, eta oraindik parekidetadun mailara heltzeko bidea luzea geratzen den arren, gutxienez zaintzaren garrantzia ikusarazten ari da.
Halaber, zaintzaz eta beste alorrez arduratzeko bizi eta lan baldintza duinak behar ditugu, materialki eta emozionalki. Ez da gauza bera 10 edo 30 ikasle izatea ikasgelan, ez da gauza bera aiton-amonak zaintzen dizkiguten emakumeek 1000 edo 2000 euro kobratzea, ez da gauza bera enpresatan berdintasun politikak sortu eta tiraderatan gorde edo benetako konpromiso bat hartzea, ez dadin egin purplewashing deritzona, garbiketa morea, alegia, gure bizitzak baitaude jokoan. Hori eta gehiago aldarrikatzeko unea izanen da azaroaren 30eko hitzordua, greba feminista orokorra.