Agur jaiak, agur uda

Erabiltzailearen aurpegia Bidatz Villanueva 2022ko ira. 20a, 20:13

Zizurko jaiak iraganik, amaitutzat eman ohi dugu uda sasoia. Hori da behintzat lagunok partekatu ohi dugun sentsazioa. Politak izan dira aurtengoak, irrikitan espero baigenituen pandemiaren azken bi urteak eta gero.

Asebete, baina aldi berean gogogabetua, errutinatik at libre izan garen egunotatik itzuleran, egunerokoari aurrea hartu behar baitzaio. Eskertuta, maite ditudanekin halako uneak pasa ditzakedalako. Kuadrillako batek dioen moduan, "lagunak dituzu, maitasuna duzu". Baina horrek guztiak ezin du nostalgia uxatu, ezta ekidin ezin ditudan pentsamenduak ere, denbora badoala, heldu egiten ari garela, eta datorrena beharbada txarragoa ez den arren, nork daki noiz arte iraunen duten txikitatik mantendu ahal izan ditugun loturek. 

Dena den, ez da bakarrik jaien afera, elkarrekin bizi izan ditugun udak atzean gelditzen dira, zalantzarik gabe, sasoirik onena. Horretan ez dago eztabaidatzerik. Diote heldu egitea, nostalgia pilatzen joatea dela. Badakit ere, bihar eta etzi, beste modu batean ekinen diodala egunari, baina oraingoz tartea hartuko dut oroitzapenak buruan atxikitzeko eta azken egunotako zirrarak baretzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!