Senide zaharrek aurrekoan gogorarazi zidaten zeinen azkar iragaten den denbora eta aprobetxatzeko, ausartzeko, eta etorkizuneko damuaren beldurrik ez izateko.
Horretaz, denbora iragaten dela, ohartu nintzen jada aspaldi, eta kezkak aldatu zaizkit ere bai, pandemia medio, urteak betetzean beste lehentasun batzuk ditugulako, eta ditudalako. Humanoagoak edo sentiberagoak. Ikasturte honetan oraindik gehiago lehenetsi dut familia eta lagunekin egotea, kalitatezko denbora eurekin iragatea, orain guztiak ongi gaudela inguruan aprobetxatzen.
Ez baita erreza izan covidari, gerrei, indarkeria matxistari, lgtbifobiari, euskarafobiari eta abarri aurrez aurre begiratu eta borrokatzeko kemena ateratzea. Horri aurka egiteak ere batzen gaitu, eta aurten ere berretsiko nuke feminismoak aspaldi aldarrikatu zuen zaintzaren garrantzia handia. Hortik sortzen baitira saretzeak, beste antolatzeko ereduak eta egiten zaie aurre egiturazko diskriminazio sistemei.
Eredu esentzialistetan erori gabe, arrazoimena eta justiziaren ulerkera giza-emozioetatik sortzen dira, enpatiatik, besteak beste, eta beste inor ez sufriarazteko borondatetik.
Horretan jarraituko dugu udan ere bai, harremanak zaintzen eta nork bere harri koxkorra ematen ahal duen heinean.