Sentsibilitatea

Erabiltzailearen aurpegia Bidatz Villanueva 2022ko urt. 17a, 17:26

Gauza askoz idatzi nahi dut, baina ezerrez aldi berean. Pentsamenduak pilatzen zaizkit, eta zerikusirik ez dutela uste dudan arren, guztiak datoz bat ideia berdinaren inguruan: mundua gaizki dago. Hamalau urterekin nuen pentsamolde berbera. Eta zer aldatu da? Konturatu naizela gizartea uste baino ankerragoa dela oraindik. Burura datozkidanak ordenatzen saiatzen naizenean ateratzen zaizkit baieztapen horiek, eta irudi luke jarrera ezkor-triste-etsipenezko batean murgildurik nagoela. Errealitatetik urrun dago hori, guztiok bezala babesten bainaiz bizitza pribilegiodun mendebaltar honek eskaintzen didan ustezko ongizatean. Eta bai, oso ongi bizi naiz, hain ongi, errudun naizela sinisteraino, beste batzuk gaizkiago bitzearen errudun. 

Paper txuriaren aurrean jarri aitzin pentsamenduak uxatu ahal ditut, egon badiren dakidan arren, errealitate gordinak eragin dakizuken ezinegona ez baitut onartu nahi, deseroso sentiarazten nauena albora dezaket, benetan indartsu sentitzen naizenean aurre egiteko. Baina orain, paper txuriak gaizki dagoen hori guztia adieraztera bultzatzen nau, behartu, akaso, betebehar moral bat banu bezala. Eta, alde batetik niretzat ere hainbatetan deseroso xamarra izan daitekeen arren hemen iritzia ematea, pribilegioa ere bada.

Nire anestesia emozionala ez da jada gizakien eta gizakiz besteko izaki bizidunen aurka egiten diren ankerkerietan, begiak zabalik baititut horren aurrean, nire sentiberatasunean gehiago edo gutxiago eragin arren, beste espezie batzuekiko egiten duguna gaizki dagoela ohartu nintzelako jada aspaldi. Beste motako anestesia bat garatu dut, edo behartua sentitu naiz garatzera, eguneroko epaiek, adierazpen espezista eta bortitzek ez diezadaten eragin. Anestesia nire ongizaterako, eta ahal dudan heinean, nire ekarpen xumea egiteko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!