Bueltaka nabil askotan, norbait euskaraz agurtu edo ez, batzuk euskaraz eta besteak ez, kontuz ibili hartzaileak euskarazko hitzak gaizki hartuko dituen. Ez da gai berria, baina oraindik sentsazio horiek izateak kezkatzen nau, autozentsurara naramalako, baita nire identitatea ukatzera ere. Mesfidatia naiz askotan, lan eremuan entitate batekin harremana okerragoa den euskara arloan ibiltzeagatik edo ez.
Ez da irudipen hutsa, sentimendu hori eragiten duten pertsonak daude, euskaraz agurtzearekin bakarrik sumintzen direnak. Eta nire esku dago horiekin harreman adeitsu bat izaten jarraitu (nire ongizateagatik, askotan), edo egoera tenkatu, zer eta lurraldeko hitzkuntza bat hitz egiteagatik!! Harrigarria da, badakigu.
Egoerara moldatzen jakitea garrantzitsua da, balioetsi noiz izan trebeak euskararekiko jarrera baikorrik ez duen hori limurtzen, bestetan, nola edo hala harropuzkeriei jaramonik egin ez, eta gurearekin jarraitzen. Antolatu Euskaraldia edo mila Korrika, ez dute bizi diren lau hormen lehiotik harago begiratuko. Norgehiagokak zenbaitetan ez du balio, ez niri behintzat. Euskararekin haserre bizi diren horien aurrean, askotan, irribarrea, eta aurrera. Pertsonalki, horrek ere ahalduntzeko balio dit.