Hainbat urtez hara hona ibili ondoren sorterrira itzuli naiz denboraldi luze baterako. Eta bizipenak pilatu ditudan bezala joan naiz gauza materialak biltzen, nahi baino gehiago, beharbada.
Marie Kondoren obsesioa sartu zait buruan (errateko bat da, ez baitakit ongi zertan datzan bere metodoa). Inoiz baino gehiago nahi dut bizilekua hustu, begien bistara soberan zaizkidan gauzak bota edo eman, behar-beharrezkoa dudanarekin bakarrik gelditu. Amak gaztetan erositako entziklopedien bilduma horiek guztiak kendu, egia baita eskolara nindoanetik ez diegula jaramonik egin. Edo badaezpadazko arropak eta tramankuluak etxetik atera. Berrogeita hamar bat borragoma atera ditut kaxoietatik, eta beste hainbeste errotulagailu eta margo. "Utzi bakoitzetik bat, behintzat", iradoki dit amak.
Badaude, ordea, eskura iristen diren objektuak eta zuzenean iraganeko oroitzapenetara zaramatzatenak. Eskuorri bat, pegata, koaderno bateko idazkiak, edo txikitako ipuinak, apaingarriak, baita klasekideen helbideak ere. Bai-bai, irakasleak ikaskideon helbideak orri txuri bateanidatzi, eta fotokopiak banatu zizkigun lehen hezkuntzan ginela, udan eskutitzak bidaltzeko-edo. Eta folio hori berreskuratzean irudi andana datozkit burura. Hala etengabe. Badakit objektu horietako asko botatzean, oroitzapenak ere deseginen direla. Baina aldi berean gauza horiek guztiak gordetzeak zertarako balioko dit? Kutxa batean urteak emateko, eta, beharbada, noizean behin berrikusteko? Pentsatu dut halakoei mobilarekin argazkiren bat egitea, objektu horiek iradokitzen dizkidaten sentsazioez edo emozioez oroitzeko. Dena den, ez lukete bukatuko ordenagailuko milagarren karpetaren azpikarpetan? Ziurrenik bai.
Norbaitek formula badu, eman diezadala. Oraingoz, halere, Marie Kondoren obsesioa aprobetxatuko dut, nire buruko lasaitasunagatik.