Konfinamenduaren eztakitzenbatgarren eguna. Oraingoz dena ongi doakigu, egoera honek eragin diezazkigukeen gorabeherez aparte, ezin naiz kexatu, krisi hau kezkarik gabe iragateko baldintza guztiak baititut. Horra ba, lehen oharra.
Bigarrena: Atzo, oso mendizalea den lagun batek, zera erran zigun: "Hau hasi zenean mendira joatean besterik ez nuen pentsatzen. Orain, nahi dudan bakarra zuekin eta familiarekin egotea da". Ados nago, lehentasunak aldatu zaizkigu, halako aitortzek xamurtzen gaituzte. Adierazpen horiek maizago erran beharko genizkioke elkarri. Ez dakit luze iraunen duen sentiberatasun honek, edo bizitza normalera delakora itzultzen garenean dena bere horretara itzuliko den.
Badira, ordea, mingarriak egiten zaizkidan oharrak, albistegietan etengabe aipatzen dituztenak. Makulu-datu moduan darabilte koronabirusagatik hildakoen adina, gainontzekook lasaitzeko-edo. Esplizituki erraten ez den arren, diskurtso horren atzean islatzen da zaharrek gizarte honentzako duten baliorik eza. Ohar horiek ez dute bakarrik azaleratzen krisi honetako ikusmoldea, baizik eta gizartean errotutako pentsakera. Errentagarritasunak agintzen du. Zaharrak ez dira behar bezala balioesten.